Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Nola izan agroekologiko nekazari izan gabe

Jo ta su gabiltza trantsizio ekologikoarekin eta, arlo guztietan eragiten duen aldaketa izanik, eman egin behar lata, itzalean geratuko ez bada. Jende on asko dabil kontzeptua lurreratze lanetan, eta eskertzekoa da ahalegin propositiboa, auzien handitasuna paralizatzeko modukoa izan daiteke eta. Agian, espero ez nuena da batzuek lurreratzea hain literalki hartu izana. Uste dut idatzitakoak nekazaritza industriala sustatzen dutenei idatziak direla, baina, zehaztu ez izanak, iruditzen zait, okerreko aliatuak eta etsaiak irudikatzeko bide ematen duela. Izan ere, izan da nekazariak seinalatu dituenik ekonomia kapitalistaren goraldian kontsumitzaile indibidualista izateagatik eta cuatrolatasa 4x4-ra multiplikatzeagatik. Eta pentsatzen dut: eta nor ez?

Duela zenbait aste baserritarrak eta ekologistak lagun ala etsai ziren gogoetatu asmo zuen solasaldi ireki bat izan zen, eta bat 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko gai batekin akordatu zen: «Abeltzaina zara. Bizimodu lotua izan arren, gustuko duzu zure lana. Gaur, enpresa batean lan egiteko eskaintza on bat jaso duzu». Gai honekin burura datorkigun lehenak ongi erakusten du baserritarraren zer irudi dugun, nola baserritarrak atxikimendu emozionala duen inguruarekiko eta egiten duenarekiko, nola baserria ez den enpresa edo nola lan eskaintza hori den fabrika bateko produkzio-lerro batekoa eta ez trantsizio ekologikoa bideratzeko aholkularitza kooperatiba batekoa. Iraganean iltzatutako baserri bat dugu buruan, lurra azienda indarrez iraultzen duen baserritarra, eta ez diot esparru horretako langileek desintentsifikatu behar ez dutenik, agroekologiaranzko bidea hartzeko ardurarik ez dutenik, ez eta gutxiago ere. Zalantzan jartzen dudana da rotabator-a erabiltzea gaitzetsi daitekeen auto propioa izanik edo ardiak eskuz jeztea eska daitekeen egunean 8 ordu ordenagailuaren aurrean pasatuta. Nekazaritza agroekologiko aktuala eremu urbanotik eskatzen dugunok etxeko lan bat dugu: herri agroekologiko bat zer eta nolakoa den pentsatzea.