Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Kopako atezainak ezin izan zuen porrota ekidin Bernabeu zelaian

Julen Agirrezabalak Real Madrilen aurka jokatu zuen lehen norgehiagoka Ligan denboraldi honetan, baina ezer gutxi egin ahal izan zuen Rodrygo brasildarraren golak oztopatze aldera. Kopan, aldiz, geldiketa erabakigarriak egin ditu finalera iristeko.

Azken orduko ezbeharrik gertatzen ez bada, Julen Agirrezabala hamaikakoan egongo da Kopako finalean.
Azken orduko ezbeharrik gertatzen ez bada, Julen Agirrezabala hamaikakoan egongo da Kopako finalean. (@AthleticClub)

Athleticek ez zuen bere mailarik onena eman Bernabeun, eta merezita galdu zuen Real Madrilen kontra (2-0). Dena den, talde zuri-gorria sekulako denboraldia egiten ari da, eta Kopako finalera iristea da horren erakusgarria. Ligan goiko postuetan kokatu zen hasieratik, eta Kopan ere ibilbide bikaina osatu du.

Jokatutako zazpi partidak irabazi ditu; 18 gol sartu, eta hiru bakarrik jaso. Julen Agirrezabala izan da Kopa txapelketako atezaina. Minutu guztiak jokatu dituen jokalari bakarra da, eta geldiketa erabakigarriak egin ditu kanporaketak gainditzeko. Joan den astean hedabideen aurrean egindako agerraldian aitortu zuenez, «ilusio handiz» dago. Aldagelan argi daukate Mallorca aurkari gogorra izango dela, eta gogora ekarri zuen Reala eta Girona kanporatu dituela.

Azken orduko ezbeharrik gertatzen ez bada, La Cartujan hasierako hamaikakoan izango da. Horregatik, Ernesto Valverdek atean hasieratik ipini zuen Ligako azken jardunaldian, nahiz eta Agirrezabalak ezin izan zuen porrota ekidin. Beharbada zerbait gehiago egin zezakeen Rodrygoren lehenengo golean, baina defentsak erraztasun gehiegi eman zizkion brasildarrari. Bigarrenean salduta geratu zen, eta ezin izan zuen Rodrygoren jaurtiketa oztopatu.

Errenteriako atezain gazteak ez dela kikiltzen erakutsi zuen Bernabeu zelaian. 23 urte ditu, eta Lehen Mailan debuta orain dela hiru denboraldi egin zuen Marcelinoren eskutik. Entrenatzaile asturiarrarekin lehen taldearekin jokatu zuen Unai Simonek ezin zuenean, eta Bilbao Athleticera jaisten zen, arabarra prest zegoenean. Hala ere, bederatzi norgehiagokatan parte hartu zuen. Joan den denboraldian Valverderekin, berriz, hamabost partida jokatu zituen, Liga eta Kopa txandakatuz.

Begien bistakoa da Athleticek maila altuko bi atezain dituela gaur egun, eta lehia bizia daukatela hamaikakoetan sartzeko. Aurten Unai Simon bikain ari da Ligan eta gol gutxien jaso dituen atezainetako bat da. Agirrezabalari, orduan, Kopan jokatzea egokitu zaio, eta meritu handiko geldiketak egin ditu partida guztietan.

ERABAKIGARRIA

Agirrezabalak azaldu izan duenez, ez da batere erraza gutxi jokatzen duzunean ondo moldatzea. Agian, Rubiren kontrako lehen kanporaketan urduritasun puntu hori igarri zitzaion. Partidaren hondarrean gola jaso zuen, eta azken minutuetan garaipena defendatzeko gehien sufritu zuen norgehiagoka izan zela esan daiteke.

Izan ere, hurrengo hiru kanporaketetan zuri-gorriek ez zuten golik jaso, eta bi gol baino gehiagoko errentarekin erdietsi zituzten garaipenak. Cayonen aurka 0-3 irabazi zuten Sardineron, emaitza errepikatu zuten Ipuruan, eta bi gol eginda gailendu zitzaion Alavesi San Mamesen.

Agirrezabalak esku erabakigarriak atera zituen Eibarren aurka, markagailua hutsean zegoenean, eta baita talde gasteiztarraren aurka ere. Alaves berdintzeko zorian izan zen, baina gola ekidin zuen. Bartzelonaren kontra, berriz, bi alditan zulatu zuten bere atea lehen zati ero batean. Jasotako lehenengo golean ez zen fin aritu, gainerako atzelariak bezala, baina horrek ez zion urduritasunik eragin.

Atleticoren aurka ere antzeko egoera bati aurre egin zion Metropolitanon. Ez zuen baloi bat kornerrera joaten utzi eta ihes egin zion eskuetatik. Hala ere, segituan konpondu zuen akatsa. Era berean, bigarren zati osoan zehar, segurtasun eta lasaitasun handiarekin erantzun zien madrildarrek etengabe egindako erasoei.

San Mamesen jokatu zen finalerdietako itzuleran ere Agirrezabalak hutsean mantendu zuen atea, eta Atleticori ez zion inolako aukerarik eman partidan sartzeko.