Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jose Javier Zabaletak Buruz Burukoa jokatuko du Peio Etxeberriaren kaltetan

Aspek ultzamarra iragarria zuen iganderako Zumaian, baina azken orduko «enpresa erabaki» bat medio, etxarrendarrak jokatuko du haren tokian.

Etxeberria eta Zabaleta, astelehenean, Ultzaman.
Etxeberria eta Zabaleta, astelehenean, Ultzaman. (Iñigo URIZ | FOKU)

Binakako txapela elkarrekin ospatu eta ordu gutxira, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaletaren bideak inor gutxik espero zezakeen norabidean gurutzatu dira, azkenean Etxarrengo atzelaria izango baita Asperen Buruz Burukorako seikotea osatuko duen pilotaria, aurrelari ultzamarraren kaltetan. Eibarko enpresa bera izan zen, pasatu den martxoaren 22an, postu hori Peio Etxeberriarena izango zela iragarri zuena, bai eta bere partida igandean Zumaian jokatuko zuela ere, baina atzo aldaketaren berri eman zuen, bestelako argibiderik gabe. «Aurre-kanporaketa bat jokatu ezina» aipatu zuen ateratako oharrean, eta «enpresa arrazoiak» baino ez zituzten aipatu gaiaren inguruan galdetuta.

Iñaxio Errandoneak gaur Busturian eman ditzakeen azalpenen zain, Binakakoan historia egin duen atzelariaren nahia eta pilotazaleek etxarrendarra buruz buru jokatzen ikusteko agertu duten irrika egongo lirateke erabaki honen atzean. Gogoan izan behar da duela bi urte maila polita erakutsi zuela, final laurdenetako ligaxkaraino helduta. Eta iaz azken unean uko egin behar izan zion jokatzeari, lehiaketa prestatzen ari zela hatz bat hautsita.

ATZELARI BAKARRA

Kontuak horrela, Jose Javier Zabaleta izango da Buruz Burukoan arituko den atzelari bakarra, Jon Mariezkurrenak uko egin baitio jokatzeari, Binakakoan kaltetu zuen eskuin eskua erabat osatu ez duelako. Berriozarkoa ordezkatzeko, Bakaikoaren aurka aurre-kanporaketa galdu zuen Mikel Urrutikoetxea berreskuratu zuen Baikok.