Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
PILOTA

Lasoren oldarraldia Bakaikoaren ilusioaren gainetik igaro da

Unai Lasok erakustaldia eman zuen Bakaikoaren aurka, Buruz Buruko final-zortzirenetako kanporaketan, edozein ezustekori ateak berehala itxiz. Final-laurdenetako ligaxkako lehen partida Altuna III.aren aurka jokatuko du, Bilbon, apirilaren 21ean.

Unai Lasok garaipena eskuratu zuen Bakaikoaren aurka, Labriten, Buruz Buruko txapelketako final-zortzirenetan.
Unai Lasok garaipena eskuratu zuen Bakaikoaren aurka, Labriten, Buruz Buruko txapelketako final-zortzirenetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ezetz, ezetz eta ezetz esaten zuen buruarekin Joanes Bakaikoak, Unai Lasoren oldarraldiaren aurrean erantzunik aurkitu ezinda zegoenean. Bizkarreta-Gerendiaingoak ez zuen ezustekorako tarterik utzi, inola ere ez, ezta Etxarri Aranatzekoak bi tanto jarraian egin zituenean ere, 6-2koa jartzeko, hasierako txanpan markagailua nolabait atontzeko.

Azken txapan egin zituenek ere horretarako balio izan zuten, Lasoren oldarraldia behintzat apur bat geratzeko eta, era berean, Bakaikoaren animoa ere altxatzeko. Izan ere, Bizkarreta-Gerendiaingoak 13 tanto jarraian eginda, kolore askotakoak -moztuta, gantxoak, bi paretak, atzean, ezker horman eta sakez- partida erabakita utzi zuen 19-2koarekin.

Hirugarren tantoa egin eta berehala, Lasok 21.ena ere egin zuen (21-3) eta espero zen partida ixteko arazorik ez izatea, baina Bakaikoaren duintasunak Labriteko pilotalekua hartu zuen, ikusleen gorazarrea eraginez, zeintzuek partida estuago bat espero zuten.

Berandu iritsi zen Etxarri Aranatzekoaren erreakzioa eta pilotaria bera ere horren jakitun zen, Unai Laso -duela bi urteko buruz buruko txapelduna- ezustean hartzeko lehen minututik partidan sartuta egotea komeni baita; Bakaikoak berak esan bezala, «txispa gehiago» behar izan zuen. Egin zituen sei tanto jarraian, baina mamu batzuk sorrarazi aurretik, txapara botatako pilota batekin behin betiko bukatu zen partida, Lasoren garaipenarekin.

Hala, Bizkarreta-Gerendiaingoa A multzoan arituko da, Javi Zabala -herenegun Urrutikoetxea kanporatuta- eta Altuna III.enarekin batera. Laugarren pilotaria, Zabaleta eta Jakaren arteko kanporaketatik aterako da.

BIZI ETA BIZKOR

Bazegoen gogoa Unai Lasoren maila ikusteko, neurtzeko ea nola zegoen Binakakoaren ostean. Aldakako ebakuntza batetik errekuperatu berritan sartu zen Binakakoan, Arangurenekin batera, eta ezin izan zuten ligaxkako multzoa igaro. Baikoko aurrelariari igarri zitzaion oraindik ere txispa guztiz berreskuratu gabe zegoela eta, beraz, zaleentzat lastima izan zen. Horregatik, hain zuzen, Binakakoan zenbait partida jokatu ostean, espero zen freskoago ikustea Laso Buruz Buruko honetan eta lehendabiziko partida horretan, behintzat, hala izan zen.

Bera ere gustura aritu zen, partida osteko adierazpenetan ziurtatu legez. «Bizi aritu naiz, gozatu egin dut eta hori da nire arma garrantzitsuena, eskuinarekin gozatzea, pilota atzean kokatzea, eta alde horretatik gozatu egin dut». Hauspo aldetik ere, erabat bete zela onartu zuen, baina errekuperatzeko garaian ondo aritu zela.

Kontzentrazioari dagokionez, berak garrantzia eman zion burua ere ongi izan zuela, kontzentratuta, «nahiz eta bukaera aldera apur bat joan egin zaidan». Dena dela, bukaeran Bakaikoak eginiko tanto horien meritua aurkariarena izan zela ere nabarmendu zuen. Orain, erronka are handiagoa dauka aurrean, multzo zinez gogorrean lehiatuko baita: «Oso pilotari gogorrak daude multzoan eta nire onena eman beharko dut».