GARA
GASTEIZ

Nuñez Feijook PPren politika ekonomikoa nahi du EAErako

Alberto Nuñez Feijoo Gasteizen izan zen atzo, Javier de Andres lehendakarigaiarekin eta langile autonomoen zenbait elkarterekin, politika ekonomikoei buruzko ekitaldi batean. PPko presidenteak esan zuenez, EAEn ere bere alderdiak agintzen duen erkidegoetan bultzatzen dituen neurri ekonomikoak ezarri nahi ditu, Lakuaren politika ez delako «puntakoa eta abangoardiakoa», eta alderdi espainiar eskuindarrak sustatzen duenak, ordea, «emaitzak ematen ditu». Ildo horretan, «Euskadiko leihoak eta ateak ireki» nahi dituztela aipatu zuen.

«Ziur gaude lurralde honek askoz gehiago eman dezakeela. Espainiako beste leku batzuetan lehiakortasun handiagoa dago, atzerriko inbertsio gehiago, enplegu gehiago, BPG handiagoa eta langabezia txikiagoa. Euskadi jada ez da izan zen puntako ekonomia abangoardista», adierazi zuen.

«NORK BERE ZILBORRARI BEGIRATU»

Feijooren arabera, «ideologia nazionalistak, batez ere Bildurena, ez zaizkio interesatzen Euskadiri, Espainiako gainerako lurraldeekiko eta Europarekiko ixteak ez duelako jarduera ekonomikorik sortzen».

Horregatik, eta «porrot egin duen nork bere zilborrari begiratzeko ereduaren» aurrean, PPren politika ekonomikoa aldarrikatu eta zergak jaistea proposatu zuen, horien artean errentarena, beste neurri batzuen artean. Neurri horiek atzeraeraginezko ondorioekin aplikatuko lirateke, esan zuenez, jendeari inflazioaren ondorioz «ordaindu duen dirua itzultzeko». Autonomoei begirako neurriak ere xehatu zituen, horien artean «legea bateratzea», erkidego batean lortzen den lizentziak Estatu osorako balio dezan.

Ekonomiaz harago, PPko buruak oso adierazpen gogorrak egin zituen EAEn dagoen egoeraz. Zehazki, kritikatu zuen «eskulan kualifikatua» falta dela, hezkuntza politikak «porrot» egin duela, zerbitzu publikoak gainbehera bizi duela, batez ere Osakidetzak, eta «euskal talentu gazteak ihes» egiten duela «Gobernuaren politika itxiaren ondorioz». Horren aldean, bere alderdiaren politika «irekia» dela aldarrikatu zuen Feijook, eta ziurtatu zuen Javier de Andres hautagai arabarra «Euskadi irekia nahi duen euskal herritar irekia» dela, eta «auke- rak emango dituen ekonomia ireki bat» ezarri nahi duela.

«Itxaropena eta eredu politiko desberdina ordezkatzen dugu», ziurtatu zuen Euskal Herrian aski ezaguna den alderdi eskuindarraren buruak.