Ramon SOLA
DONOSTIA

ETB1eko debatea, bost ika-mikatan laburbildurik

Gorrotxategi, Andueza, Pradales, Otxandiano, Garrido eta Larrea, Nerea Reparaz moderatzailearekin.
Gorrotxategi, Andueza, Pradales, Otxandiano, Garrido eta Larrea, Nerea Reparaz moderatzailearekin.

Imanol Pradales eta Pello Otxandiano aurrez aurre egon ziren estreinakoz hauteskunde debate batean asteazken gau honetan, ETB1eko estudioetan, beste lau alderdietako ordezkariekin batera. Bost une hauetan laburbildu daiteke bi orduko eztabaida. Sei solaskide bertan, denak lehendakarigaiak, PPkoa eta Sumarrekoa izan ezik, Javier de Andres eta Alba Garcia ez baitira euskaraz moldatzen.

OSAKIDETZA

Kanpaina honen gai nagusia den honetan, kudeaketa kaskarraren gainetik fokua desbideratu nahian ibili zen Pradales, «herri akordioa» eskatuz, bai eta «Osakidetza zaintzea» eta «profesionalak ez desprestigiatzea» ere.

Harriduraz erantzun zion Gorrotxategik: «Hemen ez da herri akordioa behar dena, gai hau serio hartzea baizik». Eledun guztiek zalantzan jarri zuten Osakidetza hobetzeko EAJk azaltzen duen konpromisoaren sinesgarritasuna.

Otxandianok txalotu zuenez, «zerbait aurreratu dugu, duela bi urte hau guztia aldaketa kulturala zela esaten ari zirelako. Baina orain ardurak asumitu behar dira, eta puntu honetara zerk ekarri gaituen zehaztu».

ETXEBIZITZA

Proposamen oso ezberdinak ekarri zituzten besapean hautagaiek: «Gehiago eraiki behar da» EAJrentzat, «hutsik diren etxebizitzak merkatura ekarri» Sumarren ustez, «Europako baxuena den emantzipazio tasan» eragin EH Bilduren aburuz.

Atal honen bukaeran Gorrotxategik Estatu mailako Etxebizitza Legearen aurka helegitea aurkeztu izana kritikatu zion EAJri, eta bereziki horretarako erabilitako argudio edo aitzakia arbuiatu: «Autogobernua ezer ez egiteko nahi duzue».

ESTATUS BERRIA

Honetan anbizio eskasa azaldu zuen EAJko hautagaiak hasierako hitz hartzean, baina gero aurrepausoa eman zuen lau helburu azalduz: «Aldebikotasuna, berme sistema, euskal gizartearen aitortza eta euskal gizarteari hitzematea».

Otxandianok Pradalesi oroitarazi zionez, estatus berri horri begira «oinarri eta printzipioen inguruan akordio batera heldu ginen», eta, gainera, agertoki aproposa sortu da Estatuan, presidente espainiar batek lehenbiziko aldiz izaera plurinazionala aipatzen baitu.

Andueza aipamen horrekin urduri agertu zen: «Estatuarekin parez pare jartzea aipatu duzu. Independentzia da hori? Kataluniako bidea?». «Ez», erantzun zion EH Bilduko ordezkariak; proposamen konfederala ekarri zuen eztabaidara, Euskal Herrian adostasuna lortzea proposatuz.

GOBERNAGARRITASUNA

Anbiguotasun handiz abiatu zuten atal hau EAJko zein PSEko hautagaiek, haien arteko aliantza zabala berresteko gogorik gabe eta bestelako ateak irekita uzten zituztela irudikatzen. Baina interpelazioen tartean argitu ziren gauzak.

Batetik, PPko Garridok Iruñean EH Bilduri alkatetza eman diotela aurpegiratutakoan, Anduezak tinko erantzun zuen: «EH Bildurekin ez dugu inolako gobernu akordiorik egingo».

Bestetik, Otxandianok eskua luzatu zionean, ateak ixteari ekin zion Pradalesek. Bi alderdien artean dauden ezberdintasunak zerrendatzeari ekin zio hautagai jeltzaleak.

INDUSTRIA

Ekonomiaren arloan ildo neoliberalista argia markatu zuen Pradalesek, «askatasuna» hitza maiz ahoskatuz. Aldiz, «lidergo publikoa behar dugu», argudiatu zuen Otxandianok. Eta hemen aipamen interesgarria egin zuen, Urkulluren lehen legegintzaldian diru funts publiko garrantzitsu baten aukera mahai gainean egon zela ziurtatuz.