Asier ROBLES
BILBO

Hamar urte bete dira «.eus» domeinua aurrenekoz sareratu zenetik

«.eus» domeinua sortu zeneko 10. urteurreneko ekitaldian, Puntueus Fundazioak euskal Interneten izan duen eraginaz hitz egin dute adin eta esparru ezberdinetako hamar lagunek. 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren adierazpen digitala da «.eus» egun, eta zifra hori handitzeko asmoz kanpaina berezia abiatu dute.

«.eus» domeinuaren hamargarren urtemuga ospatzeko agerraldia, Bilbon.
«.eus» domeinuaren hamargarren urtemuga ospatzeko agerraldia, Bilbon. (GARA)

Atzo bete ziren hamar urte «.eus» domeinuko lehen webgunea sareratu zenetik: domeinuak.eus izan zen lehen webgune hura. Urte berean, 2014an, izango ziren beste mugarri garrantzitsu batzuk ere. 2014ko ekainaren 28an sareratuko ziren lehen 92 «.eus» aitzindariak eta abenduaren 3an aktibatuko ziren beste 1.292 «.eus». Hori kontuan izanda, Puntueus erakundeak 10. urteurreneko ospakizunei hasiera eman zien EITBren Bilboko egoitzan egindako solasaldian.

Atzera begirakoan, Iñaki Goirizelaia Puntueuseko lehendakariak azaldu zuen «.eus» sortu arte bazirela proiektuak eta ekimenak, baina «ezin zen esan euskal Internet bat zegoenik». «Zerbait egin behar genuen, Interneten ez geneukan tokirik eta euskal nortasunak Interneten behar zuen tokia izan behar zuela erabaki genuen», oroitu zuen.

«Urte askotako lana izan zen, baina erabaki egokia izan zela konturatu ginen berehala. Orain argi dugu erabaki hori hartu behar genuela. Bestela, nolakoa litzateke Internet, gaur egun, ‘.eus’ gabe?», nabarmendu zuen Goirizelaiak.

Bide horretan, Josu Waliño, Puntueuseko zuzendariak, «.eus»-en etengabeko hazkundea goraipatu zuen: «‘.eus’-en ia 15.000 gara. Ia 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egin dutenen domeinua gara; eta urtez urte gero eta gehiago gara. Izan ere, eraldaketa digital bete-betean gaude, punta-puntako teknologia dugu eta komunitate- eta partaidetza-sentimendua dugu. Enpresa eta ekintzailetza-proiektu berri askoren lehen hautua gara», azpimarratu zuen.

Horrez gain, «.eus»-ek euskal Interneten duen eraginaren argazkia egin zuen. 2023an egin zuten azken neurketak erakusten du Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek hitz egiten dutela euskaraz, «.eus» diren webguneen %70 euskaraz daudelako. «Beraz, Internetek duen aniztasun horretan euskarak eta euskal komunitateak berariazko tokia irabazi dute ‘.eus’-i esker. ‘.eus’ domeinua euskal gizarte digital hobe baterako tresna da: euskaratik kohesionatuz, segurtasuna indartuz eta inklusioa sustatuz», adierazi zuen Waliñok.

Solasaldi berean, Nacho Amadoz, domeinuen nazioarteko komunitateko ordezkariak «.eus» domeinua mundu mailan «eredugarria» den domeinua dela azpimarratu zuen, «bai bere komunitatean duen eraginagatik, bai gizartean duen onarpenagatik, bai kudeaketa eredu arduratsuagatik eta Interneten euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren tresnak sortzen egindako lanagatik».

Hamar urte asko edo gutxi izan daitezke, baina Interneten gauza asko gertatu dira eta belaunaldi berriak ere iritsi dira. Egungo Interneteko profesionalak umeak ziren lehen «.eus» webguneak sareratu zirenean. June Ibarloza EHUko Adimen Artifiziala graduko lehen promozioko ikaslea da eta denbora laburrean aurrerapauso handiak emateko aukera ikusten du: «Adimen artifizialean orain gutxi arte aritzen ginen oso maila globalean eta ingelesez, eta ari gara euskararen erabilera normalizatzen. Iruditzen zait jarraituko dugula zabaltzen».

10. urteurrena mugarri garrantzitsua da Puntueusentzat, eta, ospatzeko, kanpaina bat abiatuko du. Lorea Arakistain marketin zuzendariak aurkeztu zituen horren helburuak: «Garrantzitsuena urteurren hau gizarte osoarekin ospatzea da. Era berean, komunitatea zabaltzeko ariketa ere bada: komunitate handi eta askotarikoa garatzen ari gara. Eta, baliatuko dugu azaltzeko ‘.eus’ domeinuak zein balio bereizgarri dituen, ‘.eus’ domeinuak erabiltzaile bati ematen dion guztia».

Horregatik, eskaintza berezia sortu du domeinuak: kanpaina martxan dagoen bitartean, hau da, atzotik 2024ko abenduaren 31ra bitartean, 10 euroan erregistratu ahal izango dira «.eus» domeinuak. Horretaz gain, hainbat ekimen garatuko dituzte.