GARA
BILBO

Ezker konfederalaren zatiketak ordezkaririk gabe utzi du Elkarrekin Podemos

Ezker konfederalaren banaketak boto galera handia ekarri dio Elkarrekin Podemosi. 2020an 72.113 boto eskuratu zituen eta lau urtera, Sumar eta biak zerrenda banatan aurkeztuta, 23.604ra jaitsi da (botoen %99,70 zenbatuta), Gasteizko Legebiltzarraren ordezkaritzaren %7,97tik %2,23ra. Sei eserleku zituen duela lau urte eta orain, batere gabe gelditu da -Sumarrek ordezkari bat lortu du, Araban-.

Zatiketak kalte egin dio Miren Gorrotxategi lehendakarigaitzat izan duen alderdiari. Durangarrarekin batera, David Soto eta Juantxo Lopez Uralde, hurrenez hurren Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuak izan ziren gaueko ekitaldian. Txalo artean igo ziren oholtzara. Eledunak aitortu zuen alderdiak emaitza txarrak izan zituela. «Ez dugu lortu gure proiektua bultzatzeko nahi genuen konfiantza, baina, bizitzan bezala, irabazten eta galtzen jakin behar da, eta kolpe latz hau onartzen dugu», adierazi zuen. «Gure proiektua oso beharrezkoa da, eta lanean segituko dugu. Bidea bada, batzar nagusietan gaude, udalerrietan hautetsiak ditugu eta euskal herritarren eskubideen alde borrokan jarraituko dugu», agindu zuen.

Esker mezu batez amaitu zuen bilan laburra, Gorrotxategiri, beste hautagaiei eta batez ere militantziari zuzendurik: «Militantzia ausarta, indartsua, babesten gaituena, proiektuaren bihotza».