GARA
BILBO

Adimen artifiziala, parte hartzea eta jasangarritasuna, Udako Ikastaroetan

Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren amaiera arte, EHUren Udako Ikastaroetan ia 200 jarduera programatu dituzte. «Garai honetako desafioak» hartu dira oinarritzat: adimen artifiziala, jasangarritasuna eta parte hartzea. Dagoeneko zabalik dago matrikulazio epea. Ikastaro bakoitza hasi arte izena emateko aukera izango da.

EHUren Uda Ikastaroak aurkeztu zituzten atzo Bilbon.
EHUren Uda Ikastaroak aurkeztu zituzten atzo Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

EHUko Uda Ikastaroen 43. edizioa atzo aurkeztu zuten Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan. Eva Ferreira errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioko zuzendariordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioari buruzko zertzeladak azaldu zituzten.

Ekainaren erdialdean hasi eta irailaren amaiera arte, ia 200 jarduera programatu dituzte.

Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da, eta, hirietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara hedatuko da.

Ferreirak nabarmendu zuenez, «ikastaroentzat gizarte eragina ezinbestekoa da». Horregatik, «garai honetako erronka nagusiak identifikatu eta hauen inguruko hausnarketa eta ezagutzaren transmisioa ahalbidetzea» dute jomuga. Garaiko desafioak oinarritzat harturik, askotariko gaiak hizpide izango dira Uda Ikastaroetan. Zentzu horretan, adimen artifiziala eta iraunkortasuna «lehen lerrora» ekarri nahi izan dituzte.

Kultura eta artea, gizartea, hezkuntza, zientzia eta teknologia, zuzenbidea, osasuna eta ekonomia eta enpresa izango dira ziklo nagusiak, EHUren webgunean topa daitezkeen ikastaro ugari bilduz.

Uda Ikastaroak (UIK) fundazioak ohar baten bidez adierazi zuen ezagutzaren transferentzian estrategikoa dela nazioarteko ikuspegia: «Atzerriko aditu eta ikasleen ekarpena esanguratsua da eta ikuspegi hori oinarri duten ikastaro andana da aurtengo eskaintzan».

Nazioarteko harremanei buruzko zuzenbideko Ikastaroak izango dira. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin (OEI) lankidetzan eraldaketa digitala eta hezkuntzaren etorkizuna: erronkak Euskadin eta Iberoamerikan ikastaroa egingo da.

Nazioartean ospea duten irakasleen eskutik atzerriko ikasleek euskal gizartea bertatik bertara ezagutzeko Basque Culture International Summer School antolatu dute.

Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialei buruzko nazioarteko kongresua eta migrazioak, identitatea, arrazakeria eta bizikidetzari buruzko kultura, komunikazio eta garapenaren 15. nazioarteko topaketa ospatuko dira.

MATRIKULAZIOA

Metodologiari erreparatuz, ikastaro ia guztiak aurrez aurrekoak izango dira, eta kasu gehienetan online zuzenean parte hartzeko aukera izango da.

Formatu klasikoez gainera, partaidetza sustatzeko metodologia ezberdinak baliatuko dira hogeitik gora Uda Ikastarotan.

Ikastaro parte hartzaileekin batera, ikastaro esperientziazkoak ere izango dira. Saltillo eskola-ontzian, adibidez, zenbait egunetako zeharkaldia eginez, itsas ingurunearen osasunerako mugaz gaindiko esplorazioa egiteko aukera izango dute.

Dagoeneko zabalik dute matrikulazio epea, eta ikastaro bakoitza hasi arte izena emateko aukera izango dute interesatuek.

Prezioaren murrizketei dagokionez, ikastaroetan matrikulatzean zein ostatua hartzean, kolektibo mota ezberdinei zuzenduriko beherapenak daude. Zentzu horretan, 18 eta 25 bitarteko gazteei Uda Ikastaroetan murgiltzeko erraztasunak emate aldera, "25² eskaintza" prestatu da. Maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko.