GARA
IRUÑEA
PILOTA

Hanka eta erdi Buruz Burukoko finalerdietan kokatu du Unai Lasok

Hasieran Dario oso serio hasi zen, sakez min handia egiten, baina lehen etenaldi luzearen aurretik aurrea hartu zuen Lasok, garaipenera arte.

Unai Laso sasoiko dabil Buruz Burukoan.
Unai Laso sasoiko dabil Buruz Burukoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sasoi betean dago Unai Laso eta Buruz Burukoan sekulako maila erakusten ari da. Akaso ez dago bere momenturik onenean, baina aldakako ebakuntzaren ostean berragertu denetik, partidaz partida bere maila hobetzen ari da. Joan den astean Altuna III.a jipoitu zuen, Buruz Burukoan hautagai nagusia bera ere badela irmo defendatuz. Bada, atzo, Labriten, Dario Gomezen gainetik igaro zen. Kosta zitzaion partidari neurria hartzea, errioxarrak sakez mina egin baitzion lehendabiziko txanpa horretan.

Bizkarreta-Gerendiaingoak, baina, lehendabizi berdindu (2-2) eta geroxeago irauli egin zuen markagailua (4-6), poliki-poliki, Labriteko kantxan bere zigilua jarrita. Ongi egokitzen da Iruñeko pilotalekura eta alde dituen ezaugarri guztiak bere egiten saiatzen da. Dario Gomezek zail jarri zion, ordea, partida galdutzat emateko ideia begien artetik aldendu nahian.

Errioxarrarentzat ere garrantzi handiko partida zen atzokoa. Laso eta bera ziren B multzoan garaipen bakarra zuten pilotariak eta, beraz, norgehiagokaren irabazleak hanka eta erdi finalerdietan kokatzea suposatzen zuen atzokoak.

Bederatzina ere berdindu zuen Dariok, baina Lasorentzat izan zen abantaila etenaldi luzean, hiru tantokoa (9-11), eta nafarrak ongi kudeatu zuen alde hori. Hain ongi, non aldagelatik bueltan 1-5eko partziala ezarri eta garaipena erdi bideratua utzi zuen (10-17).

B MULTZOAN AGINTZEN

Alde batetik bestera erabili zuen Dario Lasok. 16 egindakorekin bukatu zuen partida Baikoko aurrelariak -horietatik erdiak, sakez-. Alegia, Dariok soilik 6 huts egin zituela, gainontzekoak, 22ra iritsi arte, Bizkarreta-Gerendiaingo pilotariaren zigiluko pilotakadak izan ziren.

Motorrak berotzen hasten denean, bere mailarik onena hartzen duen pilotaria da Laso eta partidan atzetik hasi arren iraultzen dakien horietakoa da, sasoiko baldin badago, nekez ateratzen delako partidatik. Bi partida irabazita, B multzoan agintzen du eta hanka eta erdi finalerdietan kokatu du. Azken jardunaldia Zabaletaren aurka jokatuko du. Etxarrengoak Altuna izango du aurkari gaur, biek lehen garaipena lortzea izango dute xede.