Jon GARMENDIA
Idazlea

Onenetakoa

Arrazoia ez dago edukitzerik. Hala erran zuen aspaldi Iñaki Segurolak, eta liburu eder askoa idatzi zuen izenburu horrekin. Hor dozenaka argudio ematen ditu eztabaida anitzen altxor preziatua den «ratio»-aren inguruan. Ukan ala ez ukan ulertzen dut bizitza, izan bagara eta.

Badakit, halere, nire arrazoiak ez duela ibilbide luzerik egin ahal zure etxe-ataritik iragaten uzten ez badiozu, eta hor isilik egotea beste aukerarik ez da gelditzen. Ederki kostata, baina isilik. Hausnarketa, ondorio eta halakoek eder egiten dute paperean, baina hemen, bakoitza bere ikuilutik dator bere arrazoia txamarra gisa jantzita. Gutxi idatzi omen zuen Sokratesek, eta anitz erran, dezente pentsatu zuelako, prefosta. Antzina, Atenaseko demokraziaren garaietan, hiritar denek omen zuten asanbladan hitz egiteko eskubidea; arrazoia ukaiteko, beraz, ezinbestekoa zen hitzaren erabilera egokia izatea. Sofistek, jakinduriaren maisuek, ezin zuten han parte hartu; atzerritarrak ziren, harat-honaka bizi ziren dena zekiten itxura eginez, eta asanbladan eragina izateko hiritarrei elkarrizketa teknikak saltzen zizkieten.

Haien kontra bizi zen filosofoa zen Sokrates; berak ez zuen kobratzen, galderak egin eta elkarrekin erantzunak xerkatuta jakinduria indartzea maite zuen. Halatsu ikusten nuen Iñaki, arrazoia ezin dela eduki jakinda. Hemen, onena, pentsaraztea da. Edo onenetakoa.