Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

«Aldatu kutxa ya!»

Ez dakit klimaren aldaketagatik den ala gure hegoan den estatu zer horretako politika-klimaxaren aldaketagatik den, baina, kontuak kontu, desertua dute han maite. Ez zen ba hara joan beheko errege emeritu hura? Emeritu zelako emirerri batera joan? Aterpe bila joango zen, edo gerizpe bila, auskalo! Jakinda ere han ez zela elefanterik! Total, bera heldu orduko baso gutxi ziren han eta handik gutxira basamortua zen dena, hiritzarra izan ezik, hor neonezko dunak! Eta orain nor eta presidentea bera joan mortura, bost egunez joan ere, meditazioan; baraualdian izan ote den ez dago jakiterik, sekretu ofizialen legeak argia ikusi arte behintzat. Osasunerako ondo, baina zer ekarri politikaren oihanera bueltan? Behatzen arteko harea aleez aparte, esate aldera. Bada, demokrazia biziberritzea! Bai, gaitza ezaguna da, baina errezetarik? Zezen-larru horretan ez da demokraziarik izango larrua bera demokratizatu arte, zezenari adarretatik hartuta.

Non nengoen ni? A, bai! Lehengoan prentsan irakurria, nonbait autoak gidatzeko modu automatikoak hildako gehiago utzi ditu errepidean ordenagailuan eredu matematikoek baino; Israelen kolonia diren Estatu Batuetan berriki kaleratutako txosten baten arabera. Hara, pentsatu dut, orain ulertzen dut gurea, autogobernua Sabin Eneatik modu automatikoan gidatzeak bide-mapa sanotik atera gaitu, eta bidesarizko batera eroan. Batzuek autogobernua auto-gobernua hartzen dute. Ama, ama, zer garrantzia duen testuan marra jartzeak narratibaren gidoia indartzeko!

Kolpea gero! Zezen-larruko banku handiek irabaziak ez ezik mozkinak ere handitu dituzte, eta emaitzak hauteskundeetara aurkeztu gabe ere! Noiz eta orain. Nola eta hola. Hobe ulertzen dut orain azken boladako lelo hori: «Aldatu kutxa ya!». Bai, mortua biziberritzeko.