GARA
DONOSTIA

Cate Blanchetten eskuetara joango da 72. Zinemaldiko Donostia sarietako bat

Cate Blanchett antzezle eta ekoizle australiarrak jasoko du Zinemaldiaren 72. edizioko Donostia sarietako bat, atzo jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek iragarri zuenez, eta bera izango da kartel ofizialeko protagonista ere. Blanchettekin batera, Javier Bardem ere izango da Gipuzkoako hiriburuan, iazko Donostia saria jasotzeko, eta «momentuz beste bat negoziatzen» ari direla ere jakinarazi zuen.

Irudian, Cate Blanchett Zinemaldiko kartel ofizialeko protagonista izango dela iragarri zuten unea.
Irudian, Cate Blanchett Zinemaldiko kartel ofizialeko protagonista izango dela iragarri zuten unea. (Jon URBE | FOKU)

«Iaz baieztatua genuen saridunetako bat zen, baina ez zen posible izan Hollywoodeko gidoilarien grebagatik. Aurten gurekin egoteko eginahalak eta gehiago egingo zituela zin egin zigun, eta hitza bete du. Orain egun gutxi batzuk baieztatu zigun iragar genezakeela eta saria jasotzeko Donostian egongo zela ziurtatu zigun». Hala jakinarazi zuen atzo Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak Cate Blanchett antzezle australiarra izango dela Zinemaldiko 72. edizioko Donostia saria jasoko duenetako bat.

Donostia sari gehiago izango direla ere iragarri zuen, eta «momentuz beste bat negoziatzen» ari direla esan zuen. «Niri bi saridun izatea gustatzen zait, hiru ere bai, baina bakarra gutxi da», adierazi zuen Rebordinosek.

Beste iragarpen bat ere egin zuen: Javier Bardem ere izango da Donostian, iaz esleitu zitzaion eta greba berberaren eraginagatik jaso ezin izan zuen 2023ko Donostia saria aurten emango baitiote.

LEHENBIZIKOZ DONOSTIAN

Blanchett, zinematografia garaikideko interprete garrantzitsuenetakoa, lehenbizikoz izango da Donostian, baina bere filmetako batzuk proiektatu izan dira Zinemaldian, hala nola ‘‘Babel’’ (Alejandro G. Iñarritu, Perlak, 2007) eta ‘‘Veronica Guerin’’ (Joel Schumacher, Sail Ofiziala, 2003; Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen). Australiarrak 200 aintzatespen eta sari baino gehiago jaso ditu: bi Oscar sari (eta beste sei izendapen), bi Volpi Kopa Veneziako zinema jaialdian, lau Bafta sari, lau Urrezko Globo eta ohorezko Cesar eta Goya bana, egile filmak eta ikus-entzule guztiengana iritsi nahi duen zinema uztartzen dituen ibilbide luzean.

Besteren artean, Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Wes Anderson, Alfonso Cuaron, Woody Allen, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Guillermo del Toro eta entzute handiko beste zinemagile askorentzat egin du lan eta Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso duen bigarren aktore australiarra bilakatuko da, 2013an Hugh Jackmanek jaso baitzuen.

Blanchett Zinemaldiaren 72. edizioko kartel ofizialeko protagonista ere izango da. Jose Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu du posterreko irudia, Gustavo Papaleoren argazki batetik abiatuta. Zinemaldiko sail ezberdinetako kartelak ere berak sortu ditu.

Azkenik, Zinemaldiko inaugurazio galak Audrey Diwanen ‘‘Emmanuelle’’ filmaren mundu mailako estreinaldia eskaintzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen jaialdiaren zuzendariak. Emmanuelle Arsanek 50eko hamarkadan modu klandestinoan argitaratu zuen eleberrian oinarritua dago filma. Bertan, «plazer femeninoaren gaineko emakume baten ikuspegia» ematen dela esan zuen Rebordinosek eta 70eko hamarkadan Just Jaeckinek eraman zuela pantaila handira, «zeinak plazer femeninoaren historia berrartu zuen, baina begirada guztiz maskulinoa eman zion». Zinemaldiak irailaren 20tik28ra ospatuko du bere 72. edizioa.