GARA
DURANGO
Entrevue
ONINTZE OLEAGA
EH Bilduko Udalgintza arduraduna

«Jauzi kuantitatiboa eman genuen eta orain potentzial hori aktibatu behar dugu»

Bigarren Konferentzia Munizipalista egingo du EH Bilduk gaur Durangon, «potentzial guztiak aktibatzeko asmoz» eta jauzi politikoa emateko.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

EH Bilduk udalgintzan eragin zabala duenez, erronka izan daiteke lehentasunak bateratzea. Halako beharretan lan egiten duzue?

Bai, eta justu horretara dator ere gaurko Konferentzia. Bagara lehen indar munizipalista, eta hori baliatu behar dugu herri honetan politika publiko berdinzaleagoak egiteko eta baita herri honek subiranotasunera urratsak egin ditzan ere. Horretarako, ezinbestean, indarrak batu behar ditugu. Norabidea guztion artean zehaztu eta hurrengo urratsak guztion artean eztabaidatu, ibilbide-orria idazteko.

Ildo horretan, zeintzuk izango dira berritasunak EH Bilduren partetik?

Berritasun handiena ezarri genuen jada ziklo munizipalista berria hasi baino lehen. Herri honek dituen bost erronka nagusiak zehaztu genituen eta horiei erantzun bat emateko hamazazpi ildo zehaztu genituen. Maiatzean herritarrek konfiantza eman ziguten uste dutelako EH Bildu dela tresna bat beraien bizitza hobetzea ahalbidetzen duena, eta horren ondorioa da 149 alkatetza gobernatzen ditugula. Erantzukizunez erantzun behar dugu, gobernuetan gaudenean eta oposizioan lan egiten dugunean, proposamenak eginez eta lan eginez batez ere herritarrekin. Entzun behar diegu eta aintzat hartu. Beraien arazoak konpontzeko bideak aztertu eta konponbideak mahai gainean jartzeko lan eginez.

Esparruka landuko diren erronkak aipatzen zenituen, trantsizio ekosoziala, demokrazia, kultura...

Azken 12 urte hauetan asko ikasi dugu, bai gobernatzeko eran, baita herritarrak kezkatzen dituzten gaien inguruan ere. Bai trantsizio ekosozialean, bai etxebizitza arloan, bai zaintzan zein kulturgintzan, mahai gainean soluziobide berritzaileak eta eraikitzaileak jarri izan ditu EH Bilduk eta horrek konfiantza eta sinesgarritasuna eman digu. Egun ditugun erronka globalak ikusita, erantzun bideak hortik bertatik etorri behar direla uste dugu.