Imanol CARRILLO
DERBIA SAN MAMESEN

Jon Aspiazu eta Bittor Alkiza, beroketak egin itzazue, derbia gidatuko baituzue

Athleticek eta Osasunak denboraldiko azken derbia jokatuko dute Bilbon (21.00). Berritasun nagusia aulkietan egongo da, ez baitira Valverde eta Arrasate egongo, zigortuta biak. Laguntzaileek hartuko dute ardura eta Raul Garciak omenaldia jasoko du.

Jon Aspiazuk eta Bittor Alkizak gidatuko dituzte, gaur, Athletic eta Osasuna.
Jon Aspiazuk eta Bittor Alkizak gidatuko dituzte, gaur, Athletic eta Osasuna. (I. ZABALETA | FOKU - AGENCIA LOF)

Derbia beti da berezia, baina gaur (21.00) biziko denak osagarri dezente ditu are bereziagoa izateko. Sasoi amaieran, Raul Garciak txikitako taldearen kontra jokatuko du futbola utzi aurretik eta omenaldia egingo zaio, Iker Muniainek ere talde zuri-gorriarekin azken partidak jokatuko ditu... Baina berezitasun nabarmenena aulkietan egongo da.

Kasualitateak kasualitate, Ernesto Valverde eta Jagoba Arrasate ezingo dira bata Athleticen eta bestea Osasunaren aulkian eseri, beren jokalariak gidatzeko. Biak zigortuta daude. Zuri-gorrien prestatzaileak oraindik ez du etorkizuna zehaztu, baina denek diote berritu egingo duela, are gehiago Kopa irabazi ostean. Berriatukoak, aldiz, ezingo du talde gorritxoarekin azken derbia gidatu. Harmailetatik ikusi beharko dute biek.

Hala, bigarren prestatzaileen txanda izango da gaurkoa: Jon Aspiazu eta Bittor Alkiza. Lehenengoaren kasuan, 2002an Bilbao Athleticekin hasi zenetik dihardu berarekin. Harrobiko jokalaria izan zen eta bertan jokatu ostean, Herculesen, Sestaon -hemen lehenengo aldiz kointziditu zuen “Txingurri”-rekin- eta Coruñako Deportivon jokatu zuen. 1984ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Espainiako selekzioaren parte ere izan zen. Valverderen laguntzailea izan da Espanyolen, Olympiacosen -bi etapatan-, Valentzian, Bartzelonan eta Athleticen -hiru etapatan-. Aipatu behar da Aspiazuk lehiak harmailetatik ikusteko joera zuela. Gaur tokiz aldatuko da.

Bittor Alkizak ibilbide ezberdina izan du. Jokalari gisa Realean eta Athleticen aritu zen, talde txuri-urdinera itzuli eta bertan ibilbidea amaitzeko. Beraz, jarrera goxoa izango du San Mamesen. Entrenatzaile gisa, 2010ean Zubietako egituran sartu zen futbol formakuntzako zuzendari gisa lehen taldeko teknikari izateko.

Hala, 2013an Jagoba Arrasateren hirugarren laguntzaile bihurtu zen Realean, Txema Lumbrerasekin batera. Ordutik hona, bizkaitarren osagarri onena izan da: 2015ean Soriako Numantziara iritsi ziren eta 2018ko ekainean, Osasunara.

BAJA GEHIEGI BI TALDEETAN

Aspiazuk eta Alkizak euren jokalariei ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatuko dira larunbat honetako derbian. Athleticek du gehiago jokoan, Ligako bosgarren postua indartu nahi baitu. Txapeldunen Ligako azken postuan den Atletico sei puntura dago eta, zergatik ez, oraindik Europako txapelketa handiak denen buruan jarraitzen du. Geratzen diren partida guztiak irabazi beharko lituzkete eta besteen emaitzen zain geratu.

Osasunak, aldiz, salbazioa aspaldi lortu zuen eta azken partidetan epaileen erabakiek haserrearazi egin dituzte. Horregatik ez da, hain zuzen, Arrasate aulkian egongo.

Lehen entrenatzaileez gain, bi taldeek baja dezente dituzte. Yeray, Paredes, Iñigo Ruiz de Galarreta, Oihan Sancet eta Gorka Guruzeta, Athleticen; eta Unai Garcia, David Garcia, Kike Barja, Moi Gomez, Moncayola eta Budimir, nahiz eta kroaziarra taldera itzuli den hiru saihets-hezur apurtu eta lau astera. Honek gorritxoen harrobiko jokalariak “lapurtzea” ekarri du, baina futbolaz gain, protagonista beste bat izango da: Raul Garcia. Bere omenaldian, minutuak izateko aukera izango du nafarrak.