Asier AIESTARAN
PILOTA

Unai Lasok ez du barkatu eta partida denak irabazita iritsiko da finalerdira

Jada sailkatuta egon arren, Bizkarretakoak oso serio jokatu du eta sendotasun handia erakutsiz nagusitu zaio Zabaletari. Hasiera parekatu baten ostean, bigarren erdian hautsi du neurketa. Javier Zabalaren aurka jokatuko du datorren larunbatean.

Unai Laso, pilota astintzeko prest, atzo Labriten Zabaletaren aurka jokatutako partidan.
Unai Laso, pilota astintzeko prest, atzo Labriten Zabaletaren aurka jokatutako partidan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Unai Laso ere, Iñaki Artola bezalaxe, jokatutako partida guztiak irabazita iritsiko da datorren larunbatean Javier Zabalaren aurka neurtuko duen Buruz Buruko Txapelketako finalerdira. Atzo, ligaxkako azken neurketan, Jose Javier Zabaleta 10-22 menderatu zuen nagusitasunez. Laso jada sailkatuta zegoen, ez zeukan arriskatu beharrik, baina Bizkarretakoak oso serio jokatu zuen, batez ere norgehiagokaren bigarren zatian.

Zabaletak, aldiz, ligaxkan jokatutako hiru partidak galduta esan dio agur lehiaketari. Final-zortzirenetako kanporaketan Erik Jakaren aurka Zumaian erakutsitako joko-maila bikainari ezin izan dio jarraipena eman etxarrendarrak final-laurdenetako ligaxkan, eta oso tarteka ikusi dugu Zabaletaren bertsiorik onena.

Zorionez, atzo Labriten jokatutako demaren hasieran ikusi genituen Zabaleta onenaren dohainak buruz buru jokatzeko. Lehen sakea berari egokitu zitzaion eta lehen jokaldiari zukua atera zion markagailuan 4-0 aurreratzeko, lau tanto horietatik hiru sakez lortuta. Kanpora alde egin dion pilotakada batek, ordea, jokoaren ekimena Lasori eman zion eta tantoak beste aldera erortzen hasi ziren.

Sei tanto jarraian eginda Lasok 4-6 irauli zuen emaitza, baina jokoa oso parekatua izan zen lehen txanpa horretan eta tanto gogor dezente egon ziren Labritera hurbildu ziren zaleen gozamenerako. Zabaletak atzera bikain jota lortu zuen, esaterako, 6-6koa, eta Lasok ez zuen bi aldiz pentsatu atsedena eskatzeko. Etxarrendarra 8-6 ere aurreratu zen, Lasok kanpora bidali zuen gantxo baten ondoren.

BIGARREN ERDIAN HAUTSI

Baina ondorengo tantoa erabakigarria suertatu zen. Piloteoan Unai Lasok defentsa bikaina erakutsi ostean txokoan ikusgarri amaitu zuen 8-7koa, eta bederatzi tantoko partzial bati hasiera eman zion. Sakearekin min handia eginez, Zabaleta noraezean utzi zuen Lasok behin baino gehiagotan eta partida ia erabakita (8-15). Hori nahikoa ez eta hurrengo aukeran partziala bost tantokoa izan zen; partida 9-20 jarri zen.

Fermin Eskudero botileroak hala eskatuta, tanto batzuk gehiago egin eta emaitza txukuntzen saiatu zen amaieran Zabaleta, baina bi gehiago bakarrik egin ahal izan zituen atzelariak. Ederrak izan ziren Zabaletaren 10-20koa, atzean egina, eta 10-21ekoa, etxarrendarraren defentsa bikaina izan arren Lasok bereganatu zuena.

Garaipena Bizkarretakoarentzat izan zen, baina Zabaletak ere txalo zaparrada handia jaso zuen atzelarientzat horren zaila den espezialitate batean onenen pare aritzeko egindako esfortzuagatik.

«Jose oso ongi hasi da. Sakearekin asko asmatu du, pilota ongi gurutzatu du... Ni, aldiz, nahiko gaizki ibili naiz hasieran. Tentsioarekin ez nintzen eroso sentitzen mugimenduetan, hiru huts egin ditut... Baina gero sakearekin gehiago asmatu dut eta bigarren zatian hobeto aritu naiz», aztertu zuen emandako itxura Unai Lasok.

«Kudeatzeko partida zaila zen. Ni sailkatuta nengoen, berez ez neukan jokoan ezer, baina era berean jokatzeko nago eta kantxara tentsioarekin etorri naiz», onartu zuen Bizkarretakoak, begirada jada Javier Zabalaren aurkako finalerdian ipinita: «Oso aurkari arriskutsua da eta partida zaila izango da. Egia da azken partida galdu egin zuela Artolaren kontra, baina aurrekoetan oso ongi jokatu du».

AZKEN TXARTELA EIBARREN

Final-laurdenetako ligaxka gaur amaituko da Eibarko Astelena pilotalekuan, Jokin Altuna eta Dario Gomez neurtuko dituen partidarekin. Finalerdietako azken txartela egongo da jokoan eta gaurko irabazleak Iñaki Artolaren aurka jokatuko du datorren igandean Donostian.

Normala den bezala, Jokin Altuna oso faborito irtengo da gaurko partidan ere. Bere ibilbidea eta garaipen-zerrenda ezin da Dariorenarekin alderatu, baina errioxarra aurkari arriskutsua izan daiteke urduritasunik gabe kantxaratzen bada. 2020an 22-15 irabazi zuen amezketarrak.