Surflari Ernegatua

Crosby lehendakari

Azken hilabeteetan ugariak izan dira WSL erakundeak jaso dituen kritikak. Antza, lehen mailako surflariak ez daude gustura eta sare sozialetan hainbat eztabaida pizten dira txapelketa bakoitzaren ostean. Batzuetan epaitze irizpideak kritikatzen dituzte, besteetan egungo lehiaketa sistema, eta beste batzuetan lehiakideen arteko giroa gaiztotu dela salatzen dute. Milaka jarraitzaile dituzten surflariak kexatzen ikusteak auzo lotsa eragiten dit batzuetan, gehienek heziketa politikorik ez dutenez, esan nahi dutena argudiatzeko gaitasunik ez dutelako, baina batez ere haiei komeni zaiena mundu guztiari komeni zaiola sinetsarazi nahi digutelako.

Carissa Moore, Stephanie Gilmore eta Felipe Toledoren erretiroa egungo giro aldrebesaren ondorioa dela baieztatzen dute askok, batez ere nahi bezalako emaitzak lortu ez dituzten lehiakideek. Slaterrek utziko duen hutsuneak ere ondorio ezkorrak izango omen ditu beste batzuen ustez, lehen mailak ikusgarritasuna galduko duelako. «No comment». Artean, WSLko lehendakari berri bat ezarri dute, erakundearen arazoak konpontzera datorrena, baina ez surflarienak.Iazko ekainean kaleratu zuten Erik Logan eta ia urtebete geroago ezagutu dugu WSLko zuzendari berria, Ryan Crosby, enpresaria eta marketin aditua. Besteak beste Netflixeko zuzendari ohia izan zen eta Microsoft, Hulu edo Activision bideojoko enpresan postu esanguratsuak izan zituen. Ordea, surf munduan duen esperientziaz ez dakigu ezer, ziur aski deus ez dagoelako.

Olaturik ez duen Pittsburgh hirian jaio zen Pennsylvaniako enpresariak «golf jokalari eta surfzale sutsu» bezala aurkezten du bere burua. «Ingurumenaren babesle irmoa» dela dio, eta horregatik erabaki omen zuen iaz Surf Rider fundazioari «laguntzea». Horrela deitzen diete hippyek karitatez limosna emateari.

Egia esan, pozten naiz WSL erakundeak antzezteari utzi eta bere egiazko aurpegia erakusteaz, surflari erromantikoak erraz limurtzeko gaitasuna izan arren, enpresa multinazional bat baita. Beraz, bost axola zaizkit lehiakideen ustezko arazo existentzialak eta purrustak. Lotsagabeki, kalteak arazo kolektibo bezala aurkezten dituzte eta, aldiz, irabaziak lorpen pertsonalak dira. Alegia, nirea neurea da, eta zurea denona. Azken finean Crosbyren mundu ikuskera eta lehiakide gehienena berbera baita, kapitalista, kolonialista eta neoliberala.