Nerea LAUZIRIKA
ZORNOTZA

36ko gerrako bi milizianoren gorpuzkiak senideei itzuli dizkiete

Zornotzako hilerrian aurkitutako Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguez milizianoen gorpuzkiak senideei itzuli zizkieten atzo. Hilerriko hobian 36ko gerrako 86 gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte eta haietako bi identifikatzea lortu dute.

Cengotitabengoaren alabak eta bilobek jaso zituzten milizianoaren gorpuzkiak.
Cengotitabengoaren alabak eta bilobek jaso zituzten milizianoaren gorpuzkiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ia 90 urteren ostean, senideei itzuli dizkiete Adolfo Cengotitabengoa eta Jaime Iñiguez milizianoen gorpuzkiak. Zornotzako hilerrian Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkitutako hobian topatu zituzten, beste 84 pertsonaren gorpuzkiekin batera, eta herrian egindako ekitaldi batean haien senideei bueltatu zizkieten atzo. Bertan izan ziren Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, Lakuako Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosa eta Zornotzako Alkate Ainhoa Salterain, beste ordezkari publiko askoren artean.

Halaber, hilerriko desobiratze lanen berri eman zuen Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologo eta Zornotzako indusketako arduradunak, eta garaiko testuinguru historikoaren inguruko azalpenak eman zituzten Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Museoko zuzendariak eta Anton Erkoreka Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko zuzendariak.

31 urte zituela hil zuten Cengotitabengoaren alabak jaso zituen aitaren gorpuzkiak eta Iñiguezen ilobei eman zizkieten 19 urte zituela hil zuten osabarenak. Biak ziren Euskadiko Alderdi Komunistara atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak, Muskizkoa bata eta Ortuellakoa bestea, hurrenez hurren, eta biak hil ziren egun berean, hots, 1937ko apirilaren 7an; Cengotitabengoa, Barazarko frontean, eta Iñiguez, Amorebieta-Etxanoko Ospitale Militarrean.

Adituen azalpenen ondoren, Lakuako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde Jose Antonio Rodriguez Ranzek eta Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak bi milizianoen gorpuzkiak entregatu zizkieten senideei. Ohorezko aurreskua eskaini zieten txistulari eta dantzariek eta, ostean, hitza hartu zuten Jose Angel Zengotitabengoa eta Jaime Iñiguez senideek.

Zengotitabengoa, batetik, hunkituta mintzatu zen. Aitaita zuen Adolfo, eta familiak bizi behar izan zituenak izan ditu gogoan, bereziki, amamak. Askatasuna balio gisa goraipatu zuen, «boladan dagoen eta desgastatzen ari den» hitza dela azpimarratuz.

Iñiguezek, bestetik, Urduñako memoria mahaiari, Aranzadiri eta Gogorari eskerrak eman zizkien. Eta zendutako amamari zuzendu zitzaion, behingoz semea etxera eraman behar ziotela eta.

GARAIKO TESTUINGURUA

Aitor Miñambresek azaldu zuen Cengotitabengoa eta Iñiguez hil ziren egunean tropa frankistek Barazarko bideari ekin ziotela eta hurrengo egunean mendatea hartu zutela, ehunka hildako eraginez. Perezagua batailoiko milizianoen %60 zauritu edo hil zuten.

Herrastik azalpenak hasi zituen oraindik lana bukatzeke dutela nabarmenduz, eta gogora ekarri zuen orain arte egindakoa. Iazko maiatzean hilerriko gune mugatu bateko lagin bat aztertu eta ikusi zuten bazegoela hobi bat, 36ko gerra garaiko gorpuak zituena. Hipotesia berretsita, abenduan ekin zieten lanei eta lehen fase horretan hamar gorputik gora atera zituzten, tartean, gaur senideei itzuli dizkieten milizianoenak.

Orduan ikusi zuten hobiak bazuela jarraipena, eta aurtengo martxoan itzuli ziren bigarren faseari ekiteko. Guztira 86 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte eta haiek identifikatzeko lanetan ari dira EHUko Biomics laborategi genetikoan. Badago oraindik tartea aztertzeko, mugatutako gunearen erdian lan egiteko aukera baino ez dutelako izan, eta zereginarekin jarraituko dutela ziurtatu zuen Herrastik.