Asier ROBLES
BILBO

Pentsio sistema publiko eta propio bat proposatu du LABek

LABek pentsio sistemari buruzko azterketa eta gogoeta plazaratu eta sistema justuago baterako trantsiziorako proposamenak egin ditu: zaintzagatiko pentsioa, sistema osagarri unibertsal eta birbanatzailea, eta Gizarte Segurantzaren arloko eskumen osoak izatea.

Amanda Verrone eta Igor Arroyo, txostena aurkezten.
Amanda Verrone eta Igor Arroyo, txostena aurkezten. (O.Matxin | FOKU)

”Haritik”argitalpenaren ale berria aurkeztu zuen atzo LABek Bilbon, pentsio sistema berri baterako proposamenari buruzkoa. Euskal Herrirako Sistema Publiko eta Propioa eratzeko ekarpentzat jotzen du, eta analisiak, hausnarketak eta proposamenak daude bertan.

2023ko abenduaren 1eko datuen arabera, eta Gizarte Segurantzaren sistemako erregimen guztiak kontuan hartuta, Hego Euskal Herriko kotizaziopeko pentsioak 718.788 dira, pentsio guztien %97,7. Moten arabera banakatzen baditugu, %67 erretiroagatik dira, %23 alarguntzagatik, %7 ezintasun iraunkorragatik eta %3 zurztasunagatik.

Datu ofizialen arabera, pentsio guztien batez besteko zenbatekoa 1.459 eurokoa da Hego Euskal Herrian. Hala ere, datu estatistiko horrek desberdintasun handia ezkutatzen du, 200.000 pentsiodun baino gehiago ez baitira 1.080 eurora iristen, eta, horien artean, ia %70 emakumeak dira. Izan ere, generoagatik soldata-arrakala %21 baino handiagoa bada, pentsioetan %38koa da.

Bizitzaren kostuaren igoera esponentziala dela kontuan harturik, Euskal Herriko pentsiodunen egoera sozioekonomikoa gero eta okerragoa dela salatu du LABek. «Indarrean dauden pentsio sistemek ez digute bizitza duin baterako bermerik eskaintzen, diru sarrera eznahikoak dituzten sistemak dira. Erreformaz erreforma, pentsio-sistema publikoa ahultzen doa, sistema pribatuaren mesedetan, eta langileen arteko desberdintasunak areagotzen, bereziki, genero-arrakala», esan zuen Amanda Verrone LABeko politika publikoen azterketarako arduradunak.

PROPOSAMENAK

Egoerari aurre egiteko, pentsio sistema berri baterako proposamenak plazaratu ditu sindikatuak. «Jakin badakigu premiak, beharrek eta testuinguruak behartzen gaituztela trantsizio bat marraztera eta ausart bezain egingarriak izango diren proposamenak plazaratzera, pentsioen sistema publiko eta propioa bultzatze aldera», esan zuen Verronek.

Proposamen horien artean, hiru nabarmendu zituen Verronek: zaintzagatiko konpentsazio pentsioa sortzea, «alarguntza pentsioa ordezteko eta kotizatzeko eskubidea ukatu zaien emakumeekin gizarteak duen zor patriarkala ordaintzeko»; gutxieneko pentsio duina bermatu eta defendatzea, «Gizarte Segurantzaren eskumenak berehala transferituz, EAEn eta Nafarroan oinarrizko legeria garatuz eta aurrekontu publikoen bidez finantzatuz»; eta enpleguari lotutako sistema osagarri publiko, unibertsal eta birbanatzaile bat bultzatzea, «norberaren finantza baliabideen kapitalizazio eta espekulazio irizpideetara lotuta egongo ez dena eta gaur egungo eredu osagarri pribatua ordezkatuko duena».