GARA
BERMEO

Martxan da Bermeoko XXX. Arrain Azoka, 18 ekoizleren postuekin

Bermeoko Arrain Azoka abian da, eta itsasotik eratorritako tokiko produktuen erakustoki izango da asteburuan zehar. 30. edizioa da aurtengoa eta 18 ekoizleren postuak izango dira igandera arte. Itsasotik eratorritako produktuen ekoizle ia denak dira Euskal Herrikoak eta gehien-gehienak, Bermeokoak bertakoak.

Itsasoari begira bizi da Bizkaiko herri hau eta arrantzaren sektorea herriaren izaeratik banaezina da; zer esanik ez garapen ekonomikoari dagokionez. Horrela, Arrain Azokak aukera ematen die tokiko ekoizleei beren produktuak bezeroei erakusteko, bertoko produktuen kalitatea agerian utziz. Horrez gain, aukera paregabea da, arrantza mundua ezagutzen ez dutenei sektorea ezagutarazteko. Azoka inauguratu baino lehenago ere jendez leporaino zeuden postuak atzo, eta espero da asteburuan zehar bermeotar zein bisitari ugari gerturatzea.

Postu guztiak, ordea, ez dira enpresenak. Izan ere, ekimen solidarioa jarri dute abian eta boluntarioek egindako lanari esker bildutako dirua Bermeon gaixo dauden sei eta hamabi urte bitarteko familiei emango diete, Osakidetzak bere gain hartzen ez dituen zaintzak jasotzeko aukera izan dezaten.