GARA
GASTEIZ

Ikus-entzunezko ekosisteman euskara erdigune izan dadila exijitu dute

Ozen entzun zen atzo Gasteizko kaleetan ikus-entzunezkoetan euskara erdigune izatearen aldeko aldarria. Euskal Herriko hainbat gizarte eta kultura eragile batu ziren ‘‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’’ kanpainaren amaierako ekitaldian, eta zuzen zuzendu zitzaizkien Jaurlaritzari eta EITBri: euskarak etorkizunik izango badu, ezinbestekoa da euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustua egitea eta bide horretan eragiteko berehalako erabakiak hartzea.

Ehunka pertsona elkartu zituen Gasteizen «Aldatu Gidoia Euskararen alde» kanpainaren amaierako mobilizazioak.
Ehunka pertsona elkartu zituen Gasteizen «Aldatu Gidoia Euskararen alde» kanpainaren amaierako mobilizazioak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskarak ezin du itxaron. Euskal hiztunek euskarazko erreferenteak behar dituzte bizitzako alderdi orotan, baita ikus-entzunezkoetan ere, eta egungo eskaintza hanka-motz geratzen da. Irakurketa hori egin zuten atzo Gasteizen ‘‘Aldatu Gidoia Euskararen Alde’’ ehunka pertsona batu zituen kanpainaren amaierako mobilizazioan bildu ziren eragileek.

Irailean kanpaina abian jarri zutenetik, euskalgintzako eta kulturako eragile ugariren babesa jaso du ekimenak. Aldatu Gidoia-ko ordezkariak zenbait alderdi politikorekin eta Lakuako Kultura Saileko arduradunekin bildu dira, ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzea urgentziazkoa dela transmititzeko.

Mobilizazioaren amaierako ekitaldian gogora ekarri zuten bezala, herri orotan kultura eta hizkuntza eskutik lotuta doazen elementuak dira, eta euskal kulturaren transmisioan EITBk duen eragina «ukaezina» dela nabarmendu zuten. Euren hitzartzean, ETB aski ongi ezagutzen duten Elixabete Garmendia kazetariak eta Aritz Ganboa artzainak irrati-telebista publikoaren sorrerako helburuak «lausotu» egin direla eta egun «marko espainiarra» gailendu dela salatu zuten -Miel Anjel Elustondok, Lanartearen izenean, salatu zuen bezala, «ETB1en kanpaina guztiak erdaraz sortutako leloetan oinarritu dira»-. «Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Irrati-Telebista indartsua izatea da. EITBri dagokio herritar guztiei euskarara sarbide unibertsala bermatzea, herritarrak euskaran eta euskal kulturan osoki murgiltzea. Euskal Irrati-Telebista sendoa behar dugu, euskararen normalizazioaren ardura nagusia bere gain hartuko duena», ziurtatu zuten, eta EITBk bere «euskarri eta leiho guztietarako» euskarazko sorkuntza, kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal eta erabakigarria» osatzea «urgentziazkoa» dela nabarmendu zuten.

EITBn euskarazko sorkuntzari lehentasunezko tokia egiteko, gutxieneko emisio-kuotak ezartzea eskatu zuten.

KULTURA POLITIKAK BIRPENTSATU

Ikus-entzunezkoetan euskarak duen tokiaren inguruko gogoeta ekarri zuten, beren aldetik, Iraia Elias antzezleak eta Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak. Azken urteetan euskarazko zinemaren «loraldiaz» luze eta zabal hitz egin den arren, gogora ekarri zuten 2022an zinemetan ez zela euskarazko fikzio bakar bat ere estreinatu eta 2023an euskaraz soilik ‘‘Irati’’ ikusi ahal izan genuela. «Bada talentua, bada gogoa, bada konpromisoa, hainbat ekoizle, zuzendari, aktore, itzultzaile eta bikoiztaileena. Hainbat eta hainbat dira euskaraz gehiago lan egin nahiko luketen kultura arloko profesionalak. Baina, non daude politikak, non aurrekontuak, baliabideak, eta dirulaguntzak?», galdegin zuten. EITBn ere gaztelaniazko fikzioa dela nagusi salatu zuten, baita euskarazko fikzioaren sorkuntza eta bikoizketa «baztertuta» dituztela ere. Azken honen kasuan, gogora ekarri zuten 1991n euskarara 1.589 ordu bikoiztetik, 2022an 100 ordu eskas bikoiztera pasatu direla.

Hala, EITBz harago ere euskararen aldeko hizkuntza politikak abian jartzea eskatu zioten Gasteizko Gobernuari eta, era berean, baita Euskal Herri osorako jardun dezala ere, euskarazko kultura, sorkuntza eta fikzioaren eskaintza erakargarria osatu eta zazpi lurraldeetako herritarren eskura jarriz.

Azkenik, euskararen eremuko hiru administrazioei -Lakua, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa- eta hedabide publikoei eskatu zieten elkarlanean lan egiteko, hizkuntza politika komunak adostu eta norabide horretan urrats sendoak egin daitezen.