EDITORIALA

EBko hauteskundeak, okerretik nora?

Ostiralean hasiko da Europako Batasuneko hauteskunde kanpaina. Amaitu den legegintzaldia, Britainia Handiaren irteera eta pandemiarekin batera, trantsizio ekologikoari eta migrazioari buruzko akordio eztabaidagarriek markatu dute, eta Ukrainako gerrak eta Gazako genozidioak EBren mendekotasuna eta hipokrisia agerian utzi dituzte. Datorren agintaldiari begira, bada norabide hori zuzendu ordez larriagotu dezakeen elementurik, hala nola eskuin muturraren aurrerakada.

EBko hauteskundeek ez dute interes handirik pizten. Alde batetik, EBn estatuek erabakitzen dute, baina ez da gutxietsi behar Bruselak estatuen politikei ezartzen dizkien norabidea eta mugak; bestela esanda, neurri zorrotzak, eta austeritate neurriz betetako hamarraldi baten ostean, handitu egin da herritarren aldentze hori. Horrek eskuin muturraren goranzko joera areagotu dezake, eta horrela, erabakigarriagoa izatea eragin. Gehiengoa izan gabe ere, herrialde askoren politiketan eragiteko gaitasuna erakutsi du, egia esateko, «meritu» hori berea bakarrik ez den arren, ultraeskuinaren mehatxuaren aurrean gobernu askok aintzat hartzen baitute haren diskurtsoa, eta migrazio politikak horren erakusgarri argia dira. Are gehiago, eskuinak ez du eragozpen handirik eskuin muturrarekin itunak egiteko, are gobernuak osatzeko. Joan den otsailean Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek ere esan zuen ez duela baztertzen hauteskundeen ondoren Meloniren Fratelli d'Italia alderdiarekin, Voxekin eta joera bereko beste talde batzuekin itunak egitea.

Europako balio demokratikoak horienak badira, ulergarria da jende asko aldentzea, baina horiei aurre egin beharra dago, baita botoaren bidez ere, ultraeskuina geldiarazteko eskubideetan aurrera egin eta demokrazia indartzeko prest dagoen indar batuketa behar baita, botere ekonomikoen esanekoa izango ez dena. Izan ere, botere horiek luxuzko aliatua dute ultraeskuina, asteburu honetan Madrilen erakutsi dutenez. Atzo Europako ultraeskuinaren apoteosia izan zen Javier Mileiren inguruan, eta larunbatean Estatuko hainbat enpresaburu esanguratsuk protagonista bera txalotu zuten.