Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
MARIA SOLANa
Geroa Baiko parlamentaria

«Chiviteren etxean protesta egin zutenek ez dakit gauzak argi dituzten»

Politika «Nafarroatik» egin behar dela uste du Maria Solanak. Maria Chiviteren jardun instituzionala etikoagoa bihurtzeko asmoei dagokienez, Nafarroan eta Madrilen formula berdinak aplikatzea akatsa litzatekeela adierazi zuen NAIZ Irratian.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Maria Solana, Geroa Baiko kidea, NAIZ Irratian izan zen atzo. Gogora ekarri zuen aurreko astean lehendakariak bere sare sozialetan komentarioak egiteko aukera mugatu zuela, «gorroto transmisioa» ekiditeko. «Espero dut hau koiunturala ez izatea. Baina beldur horrekin nabil. Azken boladan baino harago joan beharra daukagu», adierazi zuen Solanak.

Mugimendu hori Pedro Sanchezek hartutako hausnarketa egunekin lotu zuen parlamentari nafarrak. «Kontuz, gaia nahiko serioa da. Nafarroatik eta Nafarroara begira jorratu behar dugu, gure errealitate politikoa ardatz hartuta». Izan ere, Solanarentzat, demokraziaren inguruko eztabaida hau «Madrilgo klabeetan» jorratzea akatsa litzateke. «Hango oihartzuna iristen zaigu eta antzekotasunak ikusten ditugu, baina errealitatea ez da horren iguala. Giroa desberdina da, aurrekariak desberdinak dira, alderdiak desberdinak dira, eta gizartea ere bai. Hango formula ezin da hemen aplikatu».

Maria Chivitek egiaztapen agentzia bat sortzea proposatu zuen «desinformazioaren aurrean». Solanaren iritziz, proposamen hori «nahiko berde» dago, eta Parlamentuan lantzearen alde egin zuen.

LEGE BERRI BAT

Gaurkotasunarekin jarraituz, osasungintza ere hizpide izan zuen. Itxaron zerrenda luzeak dira aspalditik. Zentzu horretan, Osasun Legea aldatzeko proposamenaren inguruan gogoeta egin du. Nafar Parlamentuan 1992. urteko legea dago indarrean. «Ezin diogu aurre egin lehengo formulekin. Osasun arazoak bestelakoak dira, eta arretak bestelakoa behar du izan. Eguneratu egin behar dugu, bai edo bai. Ardatzak ongi definitu behar dira».

«Nola bideratu jakingo bagenu, ez ginateke honela egonen» baieztatu zuen. Hala ere, Gobernua hartzen ari den neurriei «denbora» emateko eskatu zuen. Eta modu apalean bada ere, joerak aldatu direla esan zuen: «Azken hilabeteetako datuek tendentzia aldatu dute, 500 edo 600 pertsonetan murriztu ziren itxaron zerrendak».

Baikor agertu zen, bestalde, gai honen inguruan, Legebiltzarrean «adostasun nahiko» ikusten duelako, oposizioa barne.

Hala ere, gogora ekarri du «osasun lege berri baterako zirriborroa utzi zuela Dominguez kontseilariak aldaketaren Gobernuan, eta sei urte daramatzala geldirik». Hor «nahikoa material badagoela» iritzi du. «Berandu baino lehen behar da. Lehen Arreta da lehentasuna». Horri osasun mentala gehitu zion: «Horri behar bezala aurre egiteko prest ez gaudela agerikoa da».

TRAKTOREAK ETA PROTESTAK

Nekazarien protesten inguruan galdetuta, Solanak «osotasunean» begiratu beharreko gai bat dela adierazi zuen. «Konpromisoa dago. Haien lehentasunak dira, baina osotasunean begiratu behar dira, beste sektore batzuei eta gizarteari eragiten diote eta».

Parlamentariak «sindikatuetatik aldenduta osatzen ari den plataforman» jarri du begia. «Lehen pertsonan ezagutzen dute eta sufritzen dute, nik baino hobe ezagutzen dute, baina soluzioak ezin du izan gure sistemari kalte egingo dioten neurriak hartzea». Aldiz, burokrazia «arindu» eta «neurri prozedimentalak» hartzearen alde agertu zen Geroa Baiko kidea.

Protestak direla-eta, Chivitek jasotako irainak edo lehendakariaren etxe atarian egindako protestak ere aztertu zituen. «Traktoreetan atera ziren horiek ez dakit hain argi duten. Beste batzuk Mercadonan bildu ziren, hemen Chiviteren etxean. Aldea handia da. Ez dakit argi ikusten duten non dagoen gakoa. Uste dut interesak gurutzatu egiten direla», adierazi zuen.