Jon ORMAZABAL
ITALIAKO GIROA

Georg Steinhauser gaztea estreinatu da Tadej Pogacarren baimenarekin

Education Firsteko alemaniar gazteak, eguneko ihesaldi guztietan protagonista eta indartsuenak, profesional mailako lehen garaipena eskuratu zuen, ia nahi gabe, liderrak sailkapeneko arerio zuzenak gurpiletik atera zituen beste egun batean.

Steinhasuer, bere lehenengo garaipena ospatzen.
Steinhasuer, bere lehenengo garaipena ospatzen. (L. BETTINI | AFP)

Passo Brocon leku estrategikoa izan zen bi munduko gerretan. Bertatik igarotzeko baimenek urrearen balioa izan zuten une zail horietan, eta Georg Steinhauser gazte alemaniarrarentzat ere ez zen edonolakoa izan, Tadej Pogacarrek atzokoan emandako lizentziari esker, txirrindulari izandako Tobias aitaren semeak eta Jan Ullrich mitikoaren ilobak profesionaletako bere palmaresa estreinatu ahal izan zuelako. Esloveniarraren tiraniari urrutitik ihes egitera ausartu zirenen artean indartsuena izan zen Education First-eko txirrindularia, baina UAEko liderrak atzo bere buruari emandako tregoarik gabe, bere lehen garaipena arrisku latzean izango zen. Hori bai, bere burua batere behartu gabe, gurpiletik atera zituen Pogacarrek sailkapenean atzetik dituen txirrindulariak.

Prati di Tivo eta Livignon erakutsia zuen Steinhauser gazteak hanka oso onekin heldu zela aurtengo Girora. Atzo eguneko ihesaldi guztietan protagonista izan zen eta azkenerako bere ausardiak saria izan zuen.

Bezperako ibilbide mozketaren ondoren, atzo igo zuen pelotoiak aurtengo Coppi gaina, Passo Sellan (Maila berezia, 9 km 7,3ra), 2.239 metroko altueran, eta hango maldetan osatu zen eguneko lehen ihesaldia, Alaphilippe, Nairo Quintana, Pellizzari, Conci, Ballerini, Frigo, Valter, Caruso edo Steinhauser bera tartean zirela, maila handiko saiakeran. UAE ez zen gehiegi kezkatu hala ere, eta hamarrekoari bidea egiten utzi zion, kontrolpetik galdu gabe betiere. DSMk, ordea, beste plan batzuk zituen; Bardetekin proba egin nahi zuenez, ihesaldia bertan behera geratu zen.

Ghebreigzabhier eritrearra, baina, ez zen konforme geratu, eta beste erasoaldi bat jo zuen Passo Goberako azken maldetan. Laster batu zitzaion Steinhauser alemaniarra eta elkarrekin ekin zioten Passo Broconeko lehen igoerari -alde errazenetik 13,6 kilometro %6,5eko maldekin-, atzetik 30 lagun inguruko pelotoi bat zutela.

BAKARRIK

Berehala ikusi zen afrikarra ez zela alemaniarraren pedal kolpeari eusteko lain, eta 23 segundoko aldea atera zion mendate gainean, eta 1.40 liderraren taldeari. Pogacarrek ez zuen garaipenaren bila joateko inolako imintziorik egin, ez eta gainerako taldeek ere, bezperakoa ikusita. Ez zuten alferrikako saiakerarik egin nahi izan inoiz.

Errepide bustiarekin, beherakoan arriskatuta, hiru minututako aldeaz ekin zion Steinhauserrek azken igoerari, eta Pogacar bilakatu zen bere mehatxu bakarra. Ia nahi gabe, Daniel Felipe Martinezen eraso bati erantzutean, liderra bakarrik geratu zen, baina etaparen garaipena lehiatzeko inolako intentziorik gabe.