Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Europar Batasunean (ere) entzun behar gaituzte

Heldu den ekainaren 9an eginen dira espainiar eta frantziar estatuetan europar hauteskundeak. Bizi garen garaian oso zaila da emaitzak aurreikustea, parte hartzea bera kolokan dagoelarik, jende askorentzat europar instituzioak oso urrun daudelako. Eta bai, egia da, urrun daude Europar Batasunaren inguruan piztu zituzten espektatibak eta, paradoxikoki, noiz eta gure eguneroko bizitzan zein epe luzeko hautuetan duten eraginkortasuna inoiz baino agerikoagoa denean, haiekiko interesa ahultzen joan da.

Neoliberalizazioak kapturatu ditu estatuak zein estatuen gaineko egiturak, eta pribatizazioen bidez jendarte babesak murriztu ditu. Kapitalari demokrazia liberal burgesa ere gehiegizkoa iruditzen zaio gaur egun, ezkerraren ahuleziaren aurrean. Gauzak horrela, autoritarismoa zabaltzen da bazter batetik bestera, eskuin muturrak beste inork baino hobeki bideratzen dituelarik jendartearen egoneza eta amorrua. Genozidio bat gertatzen ari da Gazan eta gerla bat Ukrainan, baina Europar Batasunak ez du gaitasunik, ezta asmorik ere, posizio propioa hartu eta konponbideen aldeko hautua egiteko. Antzeko zerbait esaten ahal dugu larrialdi bioklimatikoari dagokionez. Europar Batasuna ez da lehen mailako aktorea dagoeneko, nagusitasun inperial-kolonialetako garaiak iraganik, baina logika horiek ez dira desagertu eta autoritarismoak erantzun supremazista eman nahi dio gainbeherari.

Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, emantzipazioaren aldeko eragileek eraginkortasun sozial, ideologiko eta politiko nabarmena dute. Hemen herri bat dago abian, oztopo handien gainetik eta mehatxu erraldoien aitzinean, helburu partekatuen inguruan borroka eta ikuspegi ezberdinak uztartzeko gai dena. Eta herri honek ahotsa izan behar du europar instituzioetan, aldaketa, etorriz gero, behetik gora eta herrietatik etorriko baita. Bestelako Europa bat behar dugulako, bestelako mundu batean.