Zuriñe IGLESIAS
Entrevue
JUAN MARI ETXABE
Arraun Lagunak-eko prestatzailea

«Faboritoak gara; ez irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik»

Asko eta ondo hitz egiten daki Juan Mari Etxabe (Oiartzun, 1966) Arraun Lagunak taldeko prestatzaileak. Kontxa eta Euskotren Liga irabazi nahi dute berriro ere, eta ondo ikusten du bere trainerua; «garai honetarako, iaz baino azkarrago». Taldearen erregulartasuna eta heldutasuna nabarmendu ditu, NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Oilo-ipurdia jartzen zaio Juan Mari Etxabe Arraun Laguneko entrenatzaileari iazko Kontxa irabazi ostean NAIZ Irratian Andrea Astudillo patroiak eta Xubane Urribarena arraunlariak egin zituzten adierazpenak entzutean. Dir-dir egiten diote begiek. Taldearekin «pila bat» disfrutatzen ari da, eta nabarmendu du arraunlariak heldutasun puntu bat hartzen ari direla.

Oiartzungoak uste du ontzia gai dela iaz baino azkarrago ibiltzeko, eta argi du faboritoak eurak direla: «Nire burua jarriko dut faborito; ez iaz irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik». Gainerako traineruak horrela ikusten ditu: Oriok atzetik aurrera egingo du, ‘Kaiarriba’ indartsu hasiko da, eta Tolosaldea ezkutuan dago.

Iazko denboraldia gogoangarria izan zen zuentzat, ezta?

Bai, oso. Gainera, 2021eko Kontxaren ostean, Zarautzen Liga irabazi eta gero, covidarekin berriro ere zartakoa jaso genuen; zazpi arraunlari egon ziren kanpoan, aste guztia atera gabe, Kontxako estropada hurbiltzen zihoan, eta barruan urduritasun handiak izan genituen. Lehen jardunaldian esan genuen, «bizirik ateratzen bagara, bigarrengo aukera izango dugu», eta halaxe izan zen. Taldea oso-oso ondo ailegatu zen, garbi genuen Kontxa nahi genuela, eta ehuneko ehuna eman genuen. Bigarren jardunaldian, bukaera... oraindik ere irudiak ditut atzo gertatu izan balitz bezala, eta txoratzen nago. Talde oso-oso indartsu bat ikusi genuen, ohorezko txanda goitik behera agindu genuen, eta uste dut meritu handiko estropada egin genuela.

Zuk disfrutatu zenuen?

Garbi esango dut: talde honekin pila bat disfrutatzen ari naiz. Beraiek nirekin ikasten ari dira; dakidan guztia erakusten saiatzen naiz. Talde oso familiarra gara; kluba ere halakoa da, nahiko familiarra. Iaz inork ez zuen espero Arraun Lagunakek liga horrela irabaztea. Guk bakarrik genekien ze lan egiten ari ginen, ze negu egin genuen, momentu txarrak pasatu genituela, eta ailegatuko ginela. Hasi ginenean, bai Gipuzkoako Txapelketan, bai Euskadikoan bagenekien ez genuela gure maila eman, bagenekien gure maila Galizian erakutsiko genuela, plangintza hala baikenuen eginda. Talde teknikoak ez genuen arazorik hau esateko: «Txapelketan sufrituko dugu, baina hori ahaztu, Ligan hasiko gara eta». Urtebete gozatzeko izan da, eta taldeak sekulako meritua du.

Iaz Andrea Astudillo patroiak liga hasi baino lehenago egin nion elkarrizketan esan zidan «lasai, prestaketa bakoitzak bere momentuak ditu eta ez gara gorenera iritsi».

Bai, hori garbi genuen, eta aurten berdintsua izango da. Denboraldia oso luzea da, oso urruti dago iraila; hilabete asko dira, egun asko dira bidean... Baliteke mila gauza gertatzea. Arreta jartzen dugu abuztuan ondo egoteko, liga irabazteko aukerak baldin baditugu azkeneko puntua izateko, eta Kontxan ondo aritzeko. Beti egingo dugu behetik gora.

Aurtengoari begira, nola doa ontzia? Iaz bezain azkar?

Hori ez dut esango... [barrez].

Sekretua gordeko duzu.

Ez, begira, garbi esango dut: uste dut gai garela azkarrago ibiltzeko. Oso ondo ari gara lanean, taldeak heldutasuna eta konfiantza hartu du. Jada irabazi, galdu, eta berriro ere irabazi dugu. Iaz jendeak esaten zigun kanpotik: Arraun Lagunak jaitsi da, ez da iritsi... baina arraunlariek erantzuna eman zuten, eta aurten multzoa mantentzen dugu. Jaitsieretan oso kontent geratu naiz egindako lanarekin, eta aurten ontzia iaz garai hauetan baino azkarrago ikusten dut. Lana nola egin dugun, lana nola egiten ari diren... Kirolari osoagoak dira, heldutasun puntu bat hartu dute arraunlari askok, eta horrek asko egingo du, bai onerako, bai txarrerako; beti dugu beldurra ez garela iritsiko.... baina ez, konfiantza handia dut taldean. Nire burua jarriko dut faborito; ez iaz irabazi genuelako, orain arte egindako lanagatik baizik.

Jaitsiera batzuetan arraun egin duzue. San Pedrokoan bigarren egin zenuten, Donostiarragandik bi segundora, eta Orion lehenak, 'Mirotzak' bi segundora. Itxura ona du taldeak, ezta?

Bai, erregulartasuna, azken batean. Iaz liga irabazteko hori izan genuen: bigarren postutik estropada batean bakarrik jaitsi ginen hirugarrenera. Horrela hasi gara: bat irabazi, eta beste biak bigarren. Uste dut heldutasun horretan gaudela. Probak egiten ari naiz, eta taldeak emaitza onak eman ditu; gazteak ere sartu dira, eta ondo aritu dira. Zantzu asko ditut ondo ibiliko garela, hori seguru, eta horrekin ikusiko dugu besteek ere zer egiten duten edo zenbat hobetu duten. Baina orain arte egindako lanarekin, erregulartasuna bilatu behar genuen, eta hori bilatu dugu. Datorrenari begira, konfiantza handia ematen digu.

Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Gogorrak. Uste dut hor laukote bat gaudela; Orio izenagatik, baina uste dut ‘Kaiarriba’ ere hor egongo dela, eta gero Tolosaldea, Tolosaldea dago pixka bat ezkutuan. Aurten ikusten da trainerua asko dabilela, adoretsu daude. Iaz banderarik lortu ez zuten arren, emaitza oso onak lortu zituzten, eta hor ibili ziren. Kontxako lehen jardunaldia irabazi zuten... oilarrekin daude. Orain falta dena da azkeneko pausoa, azkeneko segundo horiek. Entrenatzaileok beti esaten dugu segundo horiek direla zailenak. Borrokan egongo direla seguru, eta haien ilusioarekin litekeena da aurkari oso arriskutsua izatea.

Liga iaz nahiko parekatua egon zen. Aurten horrela izango dela uste duzu?

Bai, estropada eremuak, itsasoan aldaketak, kaleen arteko aldeak....detaile asko egongo dira. Iaz hiru ontzi egon ginen; hasieratik puntuak bildu genituen, eta erregulartasunak eman zigun hori, azkenean beti lehen bi postuetan geunden. Eta nik garrantzia horri ematen diot: hor egotean. Estropada askotan asko sufritu genuen, baina heldutasun puntu hori hartu genuen, konfiantza, eta borrokatu gabe, bigarren postua. Getxoko estropada inflexio puntua izan zen: laugarren hasi ginen txandan eta Oriok eskapu egin zuen. Oso gaizki hasi ginen, baina taldeak bere buruarengan sinistu zuen eta bigarren egin genuen. Ligara begira, detaile txiki horiek asko balio dute. Egun txarrak denak izaten ditugu, eta horiek minimizatu egin behar dira.

Iaz aurrenekoz zortzi ontzi. Asko hitz egin zen horretaz: aurrerapausoa zela, baina agian goizegi; ezetz, ondo zegoela... Urte bat igarota, balorazioa nahiko ona da, ezta?

Bai, uste dut baietz. Azkenean arrauna gehiago ikusten da, eta emakumeen arrauna gero eta afizio handiagoa lortzen ari da poliki-poliki, pausoz pauso, denbora behar baita. Egun batetik bestera ezin da dena egin. Uste dut ondo goazela; errekorrak egin ditugu, taldeak urtetik urtera azkarragoak dira... Uste dut badagoela eboluzio nabarmen bat. Orain ohorezko txanda ikustea oso polita da. Arrauna gustatzen zaionarentzat lehia polita dago, segundo gutxirengatik hor gaude hiru talde. Ibilbide erdia egiten dute. Luzatu daitekeela? Hori beste eztabaida bat da, baina jendeak ikusteko eta afizioa egiteko uste dut estropada oso politak daudela. Kalean ikusten da jendea gero eta gehiago informatzen dela. Ni mutilekin egon naiz, badakit zer oihartzun duen mutilen arraunak, eta emakumeen kirolean orain goaz. 40 urte atzerago, mutilekin alderatuta? Ba bai, orain ari gara arraun egiten, eta uste dut hori kalean ikusten dela, eta jendeak baloratzen duela.

Liga ekaineko azken asteburuan hasiko duzue Galizian. Aurten, iaz baino bi jardunaldi gehiago izango dituzue. Guztira hamasei jardunaldi.

Bai, askotan akats horiek gutxiago izateko ondo etortzen dira bi estropada: zenbat eta gehiago, beti faboritoak aukera gehiago izango ditu; zenbat eta motzagoa, ordea, egun batean huts egiten baduzu ez duzu estropadarik egoerari buelta emateko. Hor ikusten da pauso bat goazela aurreraka; ezin gara atzeratu,; saiatu ahal den ontzirik azkarrenak izaten eta jendea animatzen. Emakumeetan badakigu ez dagoela kirolaren aldeko asko, bagoaz eboluzionatzen, baina oraindik pauso bat atzera gaude, eta neskak animatu besterik ez, gauzak lor ditzaten. Izen emateko arraunean.

Arraroa da, baina helburuez ez dugu hitz egin.

Helburua da ahal den onena egitea; taldea badago horretarako. Nik orain esango banu mikrofonoetan eta taldekideek entzungo balidate esanez, «hor ibiliko gara»... Ez, garbi esan behar dugu; uste dut irabaztera atera behar dugula, taldea dugulako eta lanean oso ondo ari garelako. Beste batek guk baino hobeto egiten badu, zoriondu besterik ez dugu. Nik orain ikusten dut taldea oso ondo dabilela. Nahikoa izango al den? Hor dut zalantza. Badakit gure ehuneko ehuna ematen badugu, oso zaila izango dela guri irabaztea.

Amaitzeko, zer hurrenkeratan amaituko duzue Euskotren Ligako ohorezko txanda?

Lehenengoa argi dut: Arraun Lagunak [barrez]. Bigarren posturako...

Inork ez daki Orio nola ibiliko den.

Uste dut ibiliko dela. Agian Patxi Frances [prestatzailea] haserretuko da, eta berak ez du ikusiko horrela, baina nik uste dut Oriok atzetik aurrera egingo duela. Denboraldiak aurrera egin ahala, ontzia azkarrago joango da. ‘Kaiarriba’, berriz, hasieran indartsu aterako da. Eta beste ontzia ikusteko dagoena Tolosaldea da. Ezkutuan dago, eta beldur pixka bat ematen dit. Hurrenkeran jarriko ditut Orio bigarren, 'Kaiarriba' hirugarren eta Tolosaldea laugarren.