Arnaitz GORRITI
PILOTA

Erresistentziari esker irabazi du Iker Larrazabalek B Serieko finaleko txapela

Final gogorra jokatu zuten Agirrek eta Larrazabalek Labriten, beroz eta tentsioz. Biek izan zuten garaipena eskuratzeko aukera, nahiz eta Amurriokoak kolpe biziagoa izan. 21na berdinduta zeudela, Agirrek kale edo bale jotako gantxoa kanpora joan zen.

Agirre eta Larrazabal, merezita, podiumean, baina txapela Amurriokoarentzat.
Agirre eta Larrazabal, merezita, podiumean, baina txapela Amurriokoarentzat. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Bero handia egiten zuen eta oso gogorra izan da. Baina oso pozik nago». Ezin gehiago esan Iker Larrazabalek, neurri batean ahoa bapo lehortu zitzaiolako. Orotara 262 pilotakada eta ia 70 minutuko borrokaren ondoren, Amurrioko aurrelariak lortu zuen Buruz Buruko B Serieko txapela.

Asier Agirrek ere, Labrit bere etxean, merezimendurik egin zuen txapela lortzeko, baina ezin txapelik erdibitu eta, azken tantoan, biak ere hondoa noiz joko, Arrotxapeakoak ezker gantxoa kanpora bidali zuen. Larrazabalek eraman zuen azken tantoko ekimena, sakea Agirrek atera arren. Arabarrak ez zuen arriskurik hartu nahi izan eta tantoa atzean sartu nahi izan zion iruindarrari. Hala, Agirrek kale edo bale errematea bilatu zuen, nabarmen kanpora alde egin ziona. Erresistentzia kontua izan zen, azkenean, Larrazabalen garaipenaren giltza.

Denak gozatuz ekin zion partidari Asier Agirrek, eta Larrazabalek tantoaren agintea hartu zuen aurreneko aldian; ezkerparetan gora botata amaitu zuen tantoa arabarrak. Iruñeko pilotariak ideiak oso garbi ekarri zituen «etxeko» finalera eta, markagailua 10-6 jarri arte, finala bere mende eduki zuen.

Hasieran kostatu bazitzaion ere, Larrazabal jokoan sartzen hasi zen pixkanaka. Berehala antzematen zen sakea eskuz aldatu eta Amurriokoak ateratzen zuen unea. Boleaz txokoan txikitzera edo atzera ezker horman itsatsiz, Amurrioko aurrelariak indarra, poza eta finaleko tenperatura bere egin zituen.

Hala, Larrazabal aurreneko atsedenaldira 11-12 aurretik iritsi zen. Orduan ikusi ziren aurrelari arabarraren tantorik onenak. Agirrek nekea antzematen zuen eta partida 11-16 jarri zuenean, erabakita laga behar zuela zirudien.

NEKATU, BAINA ERORI EZ

Jose Mari Palacios ‘Ogeta’ handiak zioen azken tantoak egitea dela zailena, are gehiago Asier Agirre bezalako pilotari borrokalari bat aurrean denean. Agirre 15-16 hurbildu zitzaiola ikusita, atsedenaldia eskatu zuen Larrazabalek, atzetik segika zituen mamuei ihes egin nahian. Baina mamu izan edo ez, errebotean amaitu zuen 16nakoa Arrotxapeako aurrelariak.

Agirre 19-17 aurretik jarri zen, baina ondoren 21eraino hanka egin zuen Larrazabalek. Ezin amaitu ordea, eta aurrelari gorriak 21na berdindu zuen, gero eta itxura dramatikoagoa hartzen ari zen finalaren bukaeran. Azken sakea Agirrek izan zuen, baina piloteoan Larrazabal nagusi izan zen. Iruindarrak, etsian, kanpora jo zuen errematea. Larrazabalek iraun zuen zutik.