Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Annette Gonzalez Etxabarri txapeldun Marokon, Europako Junior txapelketan

Iaz Europako Junior txapela jantzi zuen 17 urteko zumaiarrak Marokon egindako itzuliko lehen txapelketa irabazi du. Sarah Leiceaga urruñarrak, ostera, hirugarren postua eskuratu du. Mutilen kategorian Noa Dupouy frantziarra izan da irabazlea.

Annette Gonzalez Etxabarri, bizkarkako bira indartsua egiten.
Annette Gonzalez Etxabarri, bizkarkako bira indartsua egiten. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Bigarren urtez jarraian Europako Junior zirkuituari hasiera ematen dion Marokoko txapelketa Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak irabazi zuen eta, horrela, 20 urtez azpiko rankingean lehen postuan jarri zen. Euskal ordezkaritza zabala izan zen maiatzaren 25ean amaitu zen Marokoko txapelketan, eta haietako batzuek emaitza oso onak lortu zituzten, batez ere nesken kategorian. Mutilen kategorian Noa Dupouy Landetako surflaria nagusitu zen.

Guztira 128 mutil eta 40 neska lehiatu ziren Casablancako hondartza batean egin zen txapelketan. Mutilen kategorian batez besteko adina 20 urtera hurbiltzen zen, baina nesken kategorian parte hartu zuten surflari batzuen gaztetasuna azpimarragarria izan zen. Hiru egunetan egin zuten 20 urtez azpiko lehiakideak biltzen dituen txapelketa, eta metro bateko olatu politak izan ziren.

Hima-Maria Conrad, Reunion Uhartean sortu eta egun Biarritzen bizi den 20 urteko surflariak bigarren postua eskuratu zuen nesken kategorian. Sarah Leiceaga, 19 urteko urruñarra hirugarren tokian geratu zen. Eta Clemence Schorsch, Landetan bizi den 15 urteko surflariak laugarren postua lortu zuen.

Paco Alonzo, 18 urteko girondarra izan zen mutilen kategorian bigarren postua eskuratu zuen lehiakidea. Hirugarren tokian, berriz, 18 urteko Francisco Ordonhasportugaldarra geratu zen. Eta laugarrena Nicolas Paulet izan zen, 19 urteko biarriztarra. Pauletek irabazi zuen iazko zirkuitua.

Marokoko txapelketarekin 2024ko Europako Junior rankinga ireki da. Beraz, itzuliko lehen txapelketan lehiakideek lortu dituzten emaitzen arabera sailkatu dira rankingean. Hurrengo txapelketa Galiziako Razo hondartzan izango da, irailaren 25 eta 28 bitarte. Dirudienez, bi txapelketa hauek bakarrik osatuko dute aurtengo Junior zirkuitua. WSL erakundeak ez du beste lehiaketarik iragarri. Horregatik, lehiakide bakoitzak Marokon eskuratutako emaitza oso garrantzitsua zen.

EUSKAL ORDEZKARITZA AZKEN URTEETAN EMAITZA OSO ONAK LORTU DITUZTE EUSKAL SURFLARIEK JUNIOR KATEGORIAN, MUTILEN ZEIN NESKEN MAILAN. IAZ ANNETTE GONZALEZ ETXABARRI ETA NICOLAS PAULET IZAN ZIREN TXAPELDUNAK, BIAK EUSKAL HIRITARRAK. 2022AN JANIRE GONZALEZ ETXABARRI ZUMAIARRA ETA BITOR GARITAONANDIA DEBARRA IZAN ZIREN EUROPAKO TXAPELDUNAK. 2021EAN JANIRE GONZALEZ ETXABARRI ETA ADUR AMATRIAIN ZARAUZTARRA IZAN ZIREN GARAILEAK. ETA URTEBETE LEHENAGO, JANIREK LEHEN ALDIZ JANTZI ZUEN EUROPAKO JUNIOR TXAPELA; SOILIK 15 URTE ZITUEN ZUMAIARRAK ORDUAN.

Sekulakoa da Zumaiako bi ahizpak egiten ari diren ibilbidea. Annettek 17 urte besterik ez ditu eta jada Europako txapeldun izendatu zuten iaz, eta aurten ere errepikatzeko aukera izan dezake, eta horrela ez bada, beste hiru urte ditu oraindik Junior kategorian lehiatzeko. Bere ahizpak, ostera, hiru bider irabazi du Europako Junior txapela eta iaz bigarren geratu zen, bere ahizparen atzetik. Janirek 19 urte ditu; ondorioz, beste urte bat du oraindik 20 urtez azpiko kategorian lehiatzeko.

Ordea, Janire jada beste maila batean dago. Egun ez da lehiatzen, lesio batetik sendatzen ari delako, baina Nadia Erostarberekin batera aurtengo Challenger Series zirkuituan lehiatu ahal izateko plaza ziur bat eskuratu zuen lehiakide bakanetakoa da Europan.

Txapelketa bakar batek ez du balio argazki orokorra egiteko, baina Marokon lehiatu ziren euskal surflarien artean, Annetterekin batera, norbait nabarmendu bazen, hori Keoni Lasa izan zen; ekainean 18 urte egingo dituen zarauztarrak indarra eta maila altua erakutsi zituen eta final erdietara iritsi zen.