GARA
BILBO

Laneko prebentzioan indarkeria matxista sartzea eskatu du LABek

Indarkeria matxista lantokietako prebentzio planetan sartzea eta prebentziorako sistema neurgarri bat ezartzea eskatu du LAB sindikatuak. Horretarako proposamena eramango du Osalanera nahiz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura (Noploi).

Sindikatuko Lan Osasuneko arduradun Inko Iriartek eta Idazkaritza Feministako buru Maddi Isasik proposamenaren berri eman zuten atzo Bilbon egindako agerraldian. Azaldu zutenez, indarkeria matxista «ezinbestean» sartu behar litzateke prebentzio planetan, lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune seguruak bihurtu daitezen.

Iriarteren eta Isasiren esanetan, «lan munduan indarkeria matxistaren prebentzioak ezin du borondate kontua izan, legezko betebeharra baizik». Hala, prebentzio sistemaren egituran txertatu behar litzatekeela uste dute, «modu integral eta sistematikoan».

Prebentzioari dagokionez, informazioa eta formazioa bildu behar direla irizten diote. Bestalde, protokolo «eraginkorrak» garatu behar direla esan zuten. Horrekin batera nabarmendu zuten administrazioaren ikuskatzaileak formatuta egotea beharrezkoa dela.