Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Galdera

Gotzon Barandiaran lagunaren elkarrizketa irakurri dut, eta berretsi baino ezin: ze trebezia duen tipo honek pentsarazten jartzeko.

Ez dakit nola demonio egiten duen, baina bertan zabaldutako guztien artean bada tiratzea beste erremediorik ez dudan hari mutur bat.

Zatar laburtuko dizuet gaia: nola eragin dio borroka armatuaren amaierak euskal sorkuntzari? Eta jakina, korporatibismo hutsez jokatuz, bereziki euskal musikari? Zutabe honen orojakiletzarako pribilegioa baliatuta, hona hemen, arrapaladako apunte batzuk.

Lehenik eta behin, metafora merkea: kortsea askatzean oxigeno gehiago hartzen dugu, baina oxigeno kolpe horrek narkolepsia apur bat ere eragiten digu. Eta horrek sortutako itolarriari erantzuteko, batzuek kortsea berriro jantzi egiten dugu.

Beste batzuek disko gogorra formateatu eta aurrekoarekin hausteko beharra ahanzturarekin sublimatzen dugu. Eta azkenik, beste batzuk koiunturaren harrabotsarekiko distantzia apur bat hartzen saiatzen gara, mami-kontuei kalte egiten dielakoan.

Jarrera hauek guztiek dute isla gaurko euskal musikan, eta hauek kontuan hartuta hobe uler daiteke inguruko paisaia musikala.

Horrez gain, ezer gutxi, oraingoa beste edozein garai bezain ona dela, galdera potzoloari erantzuteko: zer egiteko prest gaude musikariok eraldaketa soziala bultzatzeko?