Alessandro RUTA

ZALDIBARREK CONFERENCE LEAGUEKO FINALA IRABAZI ZUEN GAUA

Jose Luis Mendilibarren kuadrillaren tabernan bizi genuen Olympiakos eta Fiorentinaren arteko norgehiagoka, Conference Leagueko final handikoa. Entrenatzailearen lagunekin hitz egiten, jaten eta, azkenik, ospatzen ere bai. Talde greziarrak bere lehenbiziko garaikur kontinentala irabazi du Zaldibarko semearen eskutik.

«Mendi» zaldibartarra, bere saltsan, Atenasen Conference League txapelketako garaikurra eskuetan.
«Mendi» zaldibartarra, bere saltsan, Atenasen Conference League txapelketako garaikurra eskuetan. (OLYMPIACOS)

Mintza zakidaz, oi Musa!, era askotaz buru argiko gizasemeari buruz; gogoraidazu, Troia uri donea suntsitu ondoren, luzaro be luzaro, ainbat uri ikusi ta gizaseme askoren oiturak ikasiz, arat-onat ibilli jakuna: itxasoak eurrez zearkatu ta, bere bizia jagon nairik eta bere lagunak aberrira biurtu eitezan, ziriak eta miñak ikusi zituna». Homeroren “Odisea”-ren hasieraren itzulpen zaharra da hau. Epikaz ari da eta epikoa da Atenasen gertatua, Zaldibarko buru argiko gizaseme baten eskutik.

Zaldibartik Atenasera mirariak gerta daitezke, gertatu izan dira. Zaldibarren jaio zen eta bertan bizi da normalean Jose Luis Mendilibar, herriko harribitxia, entrenatzaile eta pertsona maitatua. Hau dela eta, Conference League txapelketaren finala bertan ikustea erabaki dugu, gau berezi bat pasatzeko. Hain zuzen ere, Mendilibarren kuadrilla elkartzen den gunean: jatetxe bat da, Karobi deitzen dena.

AUZOKO JENDEA

Agurrak batetik, agurrak bestetik... 12-15 pertsona daude jada Karobi tabernan. «Gutxi, ezta? Gehiago egongo zinetela uste nuen», esan diot Olympiakoseko txano bat daraman gizonari. «Beste horrenbeste joan dira Atenasera -azaldu dit-, sukaldaria barne. Baina gosez bazaude, zerbait aterako dugu. Hori bai, pixkanaka-pixkanaka...».

Karobi jatetxetik askotan igarotzen zen Mendilibar, Greziara abiatu aurretik. Inguru honetan jaio zen entrenatzailea, tabernaren parean hain justu ere: «Ikusten duzu argi hori? -galdetu dit aurrean eserita dagoen gizonak-. Bertan jaio zen. Baina aspaldi hartu zuen baserri bat, goiko partean, berritzeko eta han bizitzeko».

Finalaren atarian norbaitek “Mendi”-rekin hitz egin ote duen jakin nahi dut: «Bai, Whatsappeko talde bat dugu. Ez dago urduri, lasai dabil. Bere barruan beti uste du irabaziko duela. Gero, jakina, ezin da beti irabazi, baina berak ez du inor beldur hori izaten». Eta entrenatzaile-auzokide-lagunak goizean bidalitako mezua erakutsi dit: «Laster egongo gara, bai».

TABERNA... EL KAABI

Taktikari buruz hasi gara. «Fiorentinakoak pecho frío batzuk dira», aipatu diet (eta nola asmatuko nuen). «Tentsioa nabarmena da», ondorioztatu dugu guztiok. Azken finean, final bat da, final europar bat. Nik ez dakit zergatik, baina Fiorentinako Andrea Belottiren beldur dira. «Famatua da, ezta? Golegile handia», aipatu didate. Egia esan, golegile izandakoa: Belotti gizagaixoak azken urteotan sekulako beheraldia izan du.

Erabateko idoloa, aldiz, El Kaabi da, Olympiaseko aurrelaria: «Begira nola deitzen den gure taberna. Antzekotasun handia jokalariaren abizenarekin, ezta? Patuan dago hori». Bueno, izan daiteke.

Atsedenaldira iritsita, afaltzeari ekin diote. «Olympiakosen partida guztiak ikusten al dituzue?». «Conference League-koak bai», erantzun didate. «Hemengo ordena hau da: Athletic, Eibar eta gero Olympiakos», zehaztu du beste norbaitek.

Bigarren zatian zehar, jokoa are motelagoa bilakatu da, baina bat-batean talde greziarrak indar berriak atera ditu nonbaitetik. Mendilibar bera orain kamera aurrean askoz tenteago ageri da eta tabernako giroa hori berrestera dator: «Men-di-li-bar, lolololo», abesbatza bat legez.

LUZAPENEAN BESTE ERRONDA BAT

Luzapenean penalti argia ez dio epaileak onetsi Olympiakosi eta ezkor hasi dira guztiak: «Seinale txarra da hori». Baina bi minutu geroago, orain bai, El Kaabiren burukada dator. Jatetxea lehertzear jarri du golak, are gehiago VARek bost minutuz luzatu duen erabakian berretsia izan ostean. Fiorentina ezinean dabil hortik aurrera, «Viola» taldeak ez du erantzuteko gaitasunik.

Gauerdira iristeko hogei minuturen faltan bukatu da finala. Beste erronda baterako aukera paregabea da. «Laster aldatu beharko dute herriko plazako monumentua. Mendilibarrena ipiniko dute». Nola maite duen herriak bere “Mendi”, bere semea, laguna, kidea, dena batera. Ospatzeko, ez dute hura itzuli arte itxaroteko asmorik, ordea.