Iraitz MATEO
ERRENTERIA

Euskal Herriko Gazte Feministak izena hartu du neska* gazteen sareak

Euskal Herriko Neska* Gazteak sarea sortu zenetik zortzi urte beteko dira laster, eta bidean izan dituzten eztabaidek eta egunerokoek «izena eta izana» aldatzera eraman dituzte. Euskal Herriko Gazte Feministak izena hartuko du aurrerantzean, subjektu politikoa aldatzea erabaki dutelako.

Errenteriako herriko plazan egin zuten feminista gazteek agerraldia, atzo.
Errenteriako herriko plazan egin zuten feminista gazteek agerraldia, atzo. (Jon URBE | FOKU)

«Euskal Herriko Gazte Feministak» zihoen olana handi baten azpian egin zuten agerraldia atzo Errenterian 100 gazte inguruk. Bertan iragarri zuten ordura arteko Euskal Herriko Neska* Gazteak sareak izena aldatu duela, «subjektu politikoa aldatzea» erabaki dutelako, eta aurrerantzean Euskal Herriko Gazte Feministak izena erabiliko dutela. Sareko kideak elkartzen dituena ez delako «neska» izatea, feminista izatea baizik.

Azaldu zuten mugimendu baten subjektua ez dela «egun batetik bestera» aldatzen, eta EHN*G sarea ere ez dela «salbuespena» izan. Egindako bideari erreparatuz, «eraldaketa gaitasun ikaragarria» osatzen duela sareak aitortu zuten, baina testuinguruak eta estrategiak aldatzen doazela: «Ez gara betiereko estrategia puruen zaleak, ez ditugu gustuko akatsik ez duten teoriak, dena azaldu nahian ezer azaltzen ez dutenak». Eta ondorioz, «gaitasuna biderkatzeko», subjektu politikoa eta izena aldatzea erabaki dutela azaldu zuten.

«Aldaketa hau neska identitatearen eta heterosexualitatearen problematizatzetik abiatzen da», esan zuten, eta beraien ustez emakumea zer den argitu zuten: «Bizirauteko gizartearen beste erdiarentzat dohainik lan egiteak egiten du bat emakume. Eta lan hori erregimen heterosexualean egikaritzen da; horregatik, emakume izatea ez da ezer biologikoa, ezta ezer berezkoa eta desiragarria ere».

FEMINISMOA ELKARGUNE

Sareko kide askok «neska gisa» sozializatzen dutela onartu zuten, baina badela bestelakorik ere: «Patriarkatuak sortu dituen emakume-gizon kategoria dikotomikoak gainditzen dituztenak, zis heterosexualitatearen disidentziatik». Hala ere, sozializazioak sozializazio, aldarrikatu dute guztiak ari direla «emakume klasearen alde, bere desagerpenera iritsi arte».

«Neska izateak» ez dituela sareko kideak elkartzen aldarrikatu zuten, feminista izateak elkartzen dituela, «sistema iraultzeko eta berri bat eraikitzeko nahiak eta konpromisoak». Proiektu politiko batek eta patriarkatuagatik zapalduak izateak eta «bere aurka egiteak» elkartzen dituela gaineratu zuten.

«Izena eta izana aldatzera goaz», ohartarazi dute. Eta bide horretan, iruditegi, kolore eta formak ere aldatuko dituztela; deformatu eta hautsi egingo direla esan zuten, «berriro elkartzeko».

«Subjektu politikoaren aldaketak patriarkatua ulertzeko markoa berrezartzeko abagunea irekitzen du. Emakume identitatearen problematizatzeak, berriz, diskurtsoak berritu eta erradikalizatzekoa. Eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak arnasa berritu eta astintzekoa, erronka berriei toki eraberrituetatik eustekoa, borrokak hauspotzekoa eta gaitasun eraldatzaileak biderkatzekoa», bukatu zuten.