Jule GOÑI MONTERO
STOP AHT Zundaketak
KOLABORAZIOA

Zundaketak gelditzea, gakoa

Iazko udaberrian, Sakanan, Izan eta Goierrin AHTren obrendako zundaketa geologikoak egiteko eskaera uholde bat sartu zen zonaldeotako udaletan. Sakanan, osotara, 15 zundaketa egiteko eskaera egin zuten udaletan, Erroztik hasita Olaztiraino. Berri larria izan zen hura, izan ere, Stop AHT Zundaketak ekimena osatzen dugun taldeok uste baitugu zundaketak AHTren obren izatezko hasiera direla. Orain arte egindakoa ez da alferrikako lana izan. Zundaketa lanek urtebeteko atzerapena omen daramate Garraiobideen estatu idazkariak berriki adierazi duenez. Haren ustez, arazoak dituzte azterketa horiek egin ahal izateko udal zein partikularren aldetik izandako planto irmoa dela eta.

Herritarron iritzia zundatu ordez, etekina besterik lortu nahi ez duten horiek lurrak, mendiak, bazkalekuak eta errekastoak zundatzen dituzte, horiek birrintzeko asmoz.

Krisi klimatikoa, ekonomikoa eta soziala gogor jotzen ari den momentu honetan, krisia bera areagotzen eta inolako funtzio sozialik beteko ez duen azpiegitura batean dirua xahutzen ari dira; hots, orain arte 215 milioi euro baino gehiago. Gainera, ezin dugu ahantzi muga teknikoengatik merkantziarik eraman ezingo duen AHTk funtzionamendurako energia kontsumo handia beharko duela, ohiko trenarena baino askoz handiagoa, eta horrek bestelako makroazpiegiturak ekarriko dituela eskutik nahitaez gure ingurura, energia kontsumo neurrigabe horri aurre egin ahal izateko. Obrek, gainera, ehunka hektareako herri lurrak eta laborantza lurrak galtzea ekarriko dute, CO2 isuriak gora egitea, babestutako eremuak eta biodibertsitatea kaltetzea eta egungo trenbide azpiegiturak hilzorian uztea, jadanik horren guztiaren zantzuak argi ikus daitezkeela.

Udazkenean Lakuntza eta Arbizu artean egin genuen bezalaxe, oraingoan Errotz, Izurdiaga eta Urritzola artean dauden lau zundaketa puntuak ezagutzera joateko mendi martxa antolatu dugu ekainaren 8rako, gure eskura iritsi den informazioa herritarrekin partekatzeko. Horrez gain, martxan jarri genuen zundaketen aurkako protokoloak indarrean darrai. Zundaketa baten berri izanez gero, lehenik eta behin, herriko udalarekin kontaktatzea ezinbestekoa da, aholkularitza jaso ahal izateko. Ondoren, AHT Zundaketarik Ez ekimenarekin harremanetan jartzeko deia egiten dugu honako telefono zenbaki honetan: 656711130.

Ez dugu gure etorkizuna Sakanaren errealitatearen inguruan tutik ere ulertzen eta ulertu nahi ez duten enpresari batzuen esku utzi nahi, porlan, harri, legar eta abarrez beterik ikusiko baitugu ez buru ez hanka ez duen makroproiektu horrekin. Oraindik badugu zundaketak gelditzeko aukera. Orain da momentua indarrak batzekoa eta azpiegitura txikitzaile horren aurrean herritarron gaitzespen irmoa adieraztekoa.

Lur publiko zein partikularretan egin nahi dituzten zundaketa horiekin 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak atera nahi dituzte. Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan, zundaketa horiek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar.