Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

EH Baik Pauen bortizkeria sexistari buruzko mozioa defendatuko du

Joan zen maiatzaren 3an, Donibane Lohizunen, bere bikotekideak hil zuen emaztearen kasuan oinarrituz, Annie Poveda EH Baiko kontseilariak mozioa defendatuko du ostiral honetan, Pirinio Atlantikoen Departamenduaren Kontseiluan, Pauen.

Mugimendu feministak azken feminizidioa salatu zuen, maiatzaren 6an, Donibane Lohizunen.      .
Mugimendu feministak azken feminizidioa salatu zuen, maiatzaren 6an, Donibane Lohizunen. . (G FAUVEAU)

Iragan maiatzaren 3an gizonezko batek emaztea hil zuen Donibane Lohizunen. Tren geltokitik gertu dagoen hotel batean iragan zen hilketak zirrara berezia sortu zuen, ez soilik bortizkeria izugarria baliatu zuelako erasotzaileak, baizik eta hilketaren aurrekari gisara har zitekeen beste gertakari baten ondotik heldu zelako erasoa.

Maiatzaren 3an hildako emaztea, aldez aurretik, apirilaren 14an larri zauritu zen Ziburuko hotel baten bosgarren estaiatik karrikara erori zelarik. Orduan, ustezko erasotzailea galdekatu eta libre utzi zuen Poliziak. Baionako Fiskaltzak, bere aldetik, suizidio saiakeraren tesia hobetsi zuen.

Alta, handik aste batzuetara, erietxetik alde egin eta bere bikotekidearekin berriz elkartu zen emaztea. Donibane Lohizuneko hotel batean hilik atzeman zuten maiatzaren 3an.

Euskal Herrian aurten gertatu den lehen hilketa sexista salatzeko, maiatzaren 6an mugimendu feministak mobilizazio jendetsua egin zuen Lapurdiko herrian.

Bertan engaiamendu zehatzak galdetu zizkieten Ipar Euskal Herriko erakunde zein hautetsiei bortizkeria matxistaren aurrean. Lehenik eta behin, «jasangaitza den bortizkeria» salatzeko hitza har dezakeela eskatu zuten protesta horretan.

Gaur EH Baik Pirinio Atlantikoen Departamendu Kontseiluaren bilerara eramanen du eskakizun hori. Annie Poveda kontseilariak defendatuko duen proposamenean «eraso sexista eta sexualen aurka borrokatzea denon ardura dela» oroitarazi ondoren, 2023-2027 epean Estatu frantsesean ministerioarteko ekintza-plan baten inguruan «elkarteak, erakundeak eta profesionalak, biktimak babesteko borondate politiko beraren inguruan bildu zirela eta horri esker hainbat lege garatu zirela» nabarmendu du EH Baik.

Besteak beste, planak hainbat xede zehaztu zituen, hala nola larrialdietarako telefono sarea zabaltzea, urruntze brazaletearen erabilpena indartzea, bikotea erasotzen duten pertsonen fitxategia sortzea edo tokiko gobernantza hobetzea.

EKIDIN ZITEKEEN FEMINIZIDIOA

Ikuspuntu horretatik, EH Baiko kontseilariak iradoki du Donibane Lohizunen gertatutakoa «ekidin zitekeen feminizidioa izan zela, biktima jada erasotua izan baitzen bere bikotearen aldetik».

Horrendako, «erailketa horren inguruan egondako ihardukitze politiko eza» deitoratu du ezkerreko talde abertzalearen izenean.

Horiek horrela, hiru eskaera zehatz eginen dizkie departamendu kontseiluko kideei.

Lehenik, isiltasunaren haria hausteko bidean, «gure lurraldean, feminizidio bat gertatzen bada, gogorki salatu eta minutu bateko isilunea egitea» proposatuko du EH Baik.

Bigarren eskaera hauxe da: «Baliabide gehiago eskatzea Estatu frantsesari, beharrezkoak diren ikerketak burutu ahal izateko zein lanjerosa izan daitezkeen jarrerak aurreikusteko eta behar den babesa emateko, bortizkeria jasaten duten emazte guztiei».

Finean, «publiko guztiari zuzendutako hezkuntza eta sentsibilizazio ekimenak» bultzatzea galdetuko du Povedak.

Horrekin batera, arazo larri horren inguruan lanean ari diren elkarte eta erakundeei aitortzen zaien laguntza emendatzeko beharra agerian jarriko du EH Baiko mozioak.