Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
Jabier Saenz
Ezker Sindikalaren Konbergentzia sindikatua

«Gure DNA oso lotuta dago eredu asanbleariarekin»

ESK sindikatuak bost urtean behin egiten du Kongresua, eta atzo izan zuten VI. Asanblada nagusia. NAIZ Irratian izan zen asteon, sindikatuko kide den Jabier Saenz.

(Juanan Ruiz | FOKU)

ESK sindikatuak bost urtean behin bildu ohi du Kongresua, eta atzo egin zuten VI. Asanblada nagusia, “Bizitza duinak borrokatuz” lelopean. NAIZ Iirratian izan zen aurretik, sindikatuko kide Jabier Saenz.

Kongresuaren aurrelanketan, zein elementuz aritu zarete?

Lan polita egin dugu azken urte honetan ponentziaren eraketan eta eztabaidan. Gure ustez, garai hau kapitalaren eta bizitzaren arteko borrokak zeharkatzen du. Gaur egun planeta eta biosferako baliabide naturalak agortzen ari dira, eta kapitalismoarentzat pertsonen esplotazioa beharrezkoa da aurrera egiteko. Beraz, gure ustez bizitza versus kapitala gatazka betean gaude, eta gure apustua, dudarik gabe, bizitza duinen aldekoa da.

Aurreko biltzarretik hona, bada aldaketa esanguratsurik?

Gatazken areagotzea ikusi dugu eta bost urte hauek borroka ziklo bat izan dira. Batetik, lan gatazkek gorakada handia izan dute eta, aldi berean, elikagaien, etxeen, erregaien, gasaren edo elektrizitatearen prezioaren gorakada ikusi dugu, bankuen eta enpresen onurek gora egin ahala. Inflazioa etekin finantzarioekin lotuta dago, eta ikusi dugu gobernu guztiak kapitalaren mende egon direla. Gauzak aldatzeko beharra dago, eta horretarako gure ekarpena egiten dugu lantokietan eta kalean.

Euskal Herriko langabezia datuak hobetu dira, zuek bizitza duina aldarrikatzen duzue.

Datu onak dira, baina tranpatiak eta partzialak dira: genero arrakala sortzen da lantoki eta sektore guztietan, zaintza lanak oraindik andreen gain daude eta zaintza lan hauek datu guztietan ez daude aitortuta. Azaroaren 30ean kalera atera ginen zaintza lanak duintzeko eta sistema publiko baten alde. Ezin dugu lana begiratu bi perspektiba hauek kontuan hartu gabe.

ESK 1985. urtean sortu zen, zertan bereizten da?

Duela 40 urte erregistratu zen ESK-CUIS, baina frankismoaren urte ilunenetan hasi ziren ernaltzen hazi errebeldeak. Orduan sindikatu berria sortu zen, praktika politiko eta sindikala presente zegoen garaian, hori da gure oinordetza.

Gure DNA oso lotuta dago eredu asanblearioarekin, parte hartze ez-burokratikoarekin eta praktika zuzen eta erradikalekin. Gauzak argi esaten ditugu, eta erabaki guneak errespetatzen ditugu.

Oso positiboa da gure eredua hazten ikustea, orain dela bost urte 5.300 afiliatu ginen, eta gaur egun 7.000 gaude. Arlo soziosindikal eta politikoan garrantzitsuak garela uste dugu, gure praktikak gero eta garatuago daudela gizartean.