GARA
LEGORRETA

Patxi Ezkiagari goraipamenak kendu dizkio Legorretako Udalak

Patxi Ezkiagari eskainitako goraipamen eta izendapenak kentzea erabaki du Legorretak, poetaren aurkako sexu erasoen salaketa dela eta. Herriko seme kuttun izaera baliogabetuko du, eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kenduko du.

Patxi Ezkiaga, artxiboko irudi batean.
Patxi Ezkiaga, artxiboko irudi batean. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Legorretako Udalak 2018an hil zen Patxi Ezkiaga erlijioso eta idazleari eskainitako hainbat goraipamen eta izendapen kentzea erabaki du, haren aurkako sexu eraso salaketaren berri izan ostean.

Ohar batean azaldu duenez, Ezkiagari aitortutako herriko seme kuttun izaera baliogabetu egingo du, eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kendu egingo du. Halaber, Patxi Ezkiaga Kultur Etxea hemendik aurrera Kultur Etxea soilik izatea erabaki du.

Udalak gogoratu duenez, maiatzaren 31n “El País” egunkarian eliza eremuan egindako sexu abusuei buruzko albiste bat argitaratu zen. Bertan, besteak beste, Patxi Ezkiagaren aurkako salaketa publikoa jasotzen zen. Salaketa horren arabera, Marisol Zamorak 8 urte zituenetik 13 urte bete bitartean behin eta berriz jasan zituen sexu erasoak.

«Legorretako Udalak irmo gaitzesten ditu edozein eratako sexu erasoak, eta bereziki arbuiatu nahi ditu adin txikikoei egindakoak, adin txikikoen aldetik ezinezkoa delako onarpen erreala ematea; botere harreman guztiz desorekatu bat dago beste aldekoa pertsona heldu bat denean, eta, ondorioz, edozein sexu ekintza erasoa da», adierazi du.

Nabarmendu duenez, «gertatutakoa kontatzeko askotan urte gehiegi pasatzen dira. Beldurra izateak, gertatutakoa ezin ulertzeak, mina ezin kudeatzeak eta sinesgarritasun falta sentitzeak, besteak beste, izugarri zailtzen du gertatutakoa kontatzea».

«Salaketa horrek zuzenean eragiten dio Legorretako Udalari, Patxi Ezkiaga Lasari urteetan zehar hainbat goraipamen eta izendapen egin dizkiolako. Hortaz, Udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko, erreparaziorako bideak irekitzeko eta salaketa publiko egin duen Marisol Zamorari babesa adierazteko», gaineratu du.

«Dagozkion erabakiak hartu aurretik», Udala harremanetan jarri da bai albistea argitaratu zuen kazetariarekin, bai Marisol Zamorarekin, eta baita La Salle kongregazioarekin ere.

Zamorak bizitakoa gogoratu du “Berria”-ri eskainitako elkarrizketan: «Nazkaz eta beldurrez oroitzen dut. Ez nekien zer ari zen gertatzen. Gainera, garai hartan, sexua tabua zen. Baina hori dut gogoan: nazka eta beldurra eragin zidala».