Arnaitz GORRITI
EUSKADIKO TRAINERU TXAPELKETA

Itsaso petralean, Urdaibai eta Arraun Lagunak jaun eta jabe

Olatu garaiak, haize ufadak, euria eta itsaso kolpeak gaindituz, eta estropada jokatzeko modua moldatuta, ikuskizun bikaina eman zuten Kontxako badian. Arraun denboraldian distira egiteko hautagai nagusiak direla erakutsi zuten irabazle biek.

Arraun Lagunak, Kontxako badian olatu artean dantzari, nagusi eta txapeldun.
Arraun Lagunak, Kontxako badian olatu artean dantzari, nagusi eta txapeldun. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nahiz eta Kontxako Banderaren ibilbidearen aldean ezberdina izan, Kontxako badian ospatu zen atzo Euskadiko Traineru Txapelketa. Bizkaiko eta Gipuzkoako Txapelketetan aurreneko postuetan geratu ziren launa traineruk parte hartu zuten, eta, duela astebete Bizkaian gertatu zen moduan, Urdaibai nagusitu zen Zierbenaren aurretik -minutu erdi lehenago-. Hondarribia izan zen hirugarrena, Lekittarra orpoz orpo zuela. Emakumeen artean, berriz, Arraun Lagunak Gipuzkoako Txapeldunak erdietsi zuen garaipena, Euskotren Liga irabazteko faboritoak direla erakutsiz.

Nolanahi dela, denek osorik amaitzea bera ez zen gutxi izan, eguraldiak, petralaren petralaz, ez baitzuen errukirik izan. Hango haize, euri, olatu eta itsaso kolpeak eustea ez zen badaezpadako lana izan, batez ere brankaz egin beharreko luzeetan.

«Kanporantz ontzia eramatea ezinezkoa zen. Traineruan indarra badago eta horrek salbatu gaitu. Bueltan, berriz, trainerua zuzen ekartzea izan da sekretua», azaldu zuen Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak, dardara batean.

BALDINTZA BEREZIAK

Beteranoen estropadaren ondotik -garailea Badok Hamahiru izan zen-, Eusko Label Ligan ez bezala, Euskadiko Traineru Txapelketari hasiera gizonezkoen estropadak eman zion. Haizea zakar, ipar-mendebaldetik, 30 kilometro orduko abiadura konstantearekin, 40 kilometro orduko edo ufada handiagoekin lagunduta, olatuak bi metro ingurukoak. Ondorioz, asmoak erabat aldatu behar izan ziren, eguraldia dela-eta, estropadarik izango bazen. Binaka erlojuaren aurka jokatu behar izan zen, hirugarren eta laugarren kaletik irtenda, eta bi minutuko tartearekin. Alabaina, ahalik eta kontu handienarekin ibilita betiere -itsasbehera ordubetera aurreikusita, denboralea egonkortzeko itxaropenaz-.

Urdaibai eta Hondarribia atera ziren azkenak. Aurreneko luzetik Urdaibaik egin zuen denborarik onena, Zierbenako «galipoei» traineru bete aterata. Hala ere, hirugarren luzera iritsi arte, Zierbenak lanak eman zizkion Bermeori. Hondarribiak brontzearekin konformatu behar izan zuen, Isuntza bertan zuela.

BI ARRAUN HAUTSITA

Klubetako ordezkariek bilera egin zuten emakumeen estropada izango zela baieztatzeko, eta kasu honetan hirugarren kaletik erlojupekoa banaka egitea deliberatu zuten. Orio, Zumaia, Deustu, Donostiarra, Tolosaldea, Ondarroa, Kaiku eta Arraun Lagunak abiatu ziren, ordena horretan, hain zuzen.

Bat ez, bi arraun apurtu zituen Arraun Lagunak taldeak berak, nagusi izan arren. Brankaz aurrenekoa eta buelta luzean, berriz, Xubane Uribarrena hankekoari hautsi zitzaion eta Trintxerpeko arraunlariak, bere amorru bizia ezkutatu ezinik, arraunik gabe egin behar izan zuen arraunean, kideei erritmoa markatuz.

«Bi arraun hautsi eta irabazteak indarra badugula esan nahi du», adierazi zuen, barrez, Andrea Astudillo patroiak. Izan ere, ia minutu erdi atera zion Oriori, bigarrenari.