Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Aparraren azpian

Ematen du Indiako hauteskunde orokorren emaitzak nola irakurri behar diren ikustean nahasi samar geratu direla Mendebaldeko adituak. Besterik espero zuten, antza. Baita halakoetan jakintsua eta zuhurra ez ezik zekena izan ohi den diruak ere, emaitzak ezagutu ahala egundoko beherakada jo baitzuen bertako Burtsak. «400 baietz» zen N. Modiren kanpainaren lelo indartsuena, eta 300era iritsi ezinik geratu da haren NDA aliantza osoa; gehiengo osoarekin bai, baina ez lehen bezala, BJP bere alderdiak Lokh Sabhan bakarka gehiengoa zuenean bezala.

Galdera-marka, noski, datozen bost urteetan Modiren hirugarren agintaldian gerta daitekeenaren inguruan jartzen da. Eta ingurumari hauetan Indiarekiko askoren interes bakarra haren kanpo politikari buruzkoa denez (Quad, Indo-Pazifikoa, Ekialde Ertaina), ematen du biziro lasaitzen direla aditzen dutenean «seguruenera, ez da deus ere aldatuko; hauteskunde-kanpainan aipatu ere ez baita egin ia gaia». Ez dakit, ordea, hori diotenek oso gogokoa izan ote duten orain arte Modik bere kabuz eta S. Jaishankar-ek haren aginduz egin dutena. Ezetz esango nuke, batez ere 2022ko otsailetik hona.

«Demokrazia» deitu ohi den horren bertute eta akats guztiak beste inon baino hobeto kausitzen direla halakoetan handiena den Indian zinez sinesten dudalako, aparraren azpira begiratzea askoz argigarriagoa izaten dela deritzot. Horrek lagundu baitezake ulertzen zergatik aurrekoan baino bost milioi boto gehiago lortu dituen BJPk, 63 jarleku gutxiago baititu orain Lokh Sabhan. Hautetsi bakarreko barruti-sistemaren bihurrikeriak..., besteak beste, Kongresu alderdiak 17 milioi boto eta 47 jarleku gehiago dituelako.

Eta bereziki, nola galdu dituen jarleku horietako 29 Uttar Pradesh estatu jendetsuenean (240 milioi biztanle) soil-soilik, han 32 irabazi dituen Samajwadi alderdiaren mesedetan. Ez baita batzuei hain deigarria egin zaien Faizabad-Ayodhyako hautetsi galduaren kontua bakarrik izan.

Aparraren azpian, urmaela egon ohi da.