Peli LEKUONA
VIANA

«Ekoizpena %100 gelditu da» Vianako Mondelez galleta fabrikan

Vianako Mondelez galleta fabrikak 400 langile ditu. Lizarrako merindadean, Araba eta Errioxarekin muga egiten duen alderdiko enpresa nagusienetakoa da. Astelehenean beharginek greba mugagabeari ekin zioten, «indartsu» ekin ere. LABek ezagutarazi zuenez, «%100 gelditu zen lantegiaren ekoizpena».

Blokeatuta dagoen lan hitzarmenaren negoziazioa martxan ezartzea da protestaren helburua. CCOO, LAB eta ELA sindikatuek osatutako enpresa batzordeak erabakiaren berri eman zuen pasatu den astean. LABeko Oskarbi Goldarazek NAIZ Irratiari azaldu zion jarraipen handia izan zuela lehen greba egunak.

ALDARRIKAPENAK

Goldarazek aletu zituen LAB sindikatuaren eskakizunak: KPIari loturiko soldata igoera gutxienez puntu bat gehituta, aparteko orduei bertaratze eta puntualtasun plusa eranstea; antzinatasunagatik soldata urtean %1 igotzea (lehen horrela zen, baina aspalditik izoztuta dute soldata); eta urteko lanaldia hiru egun murriztea.

Langileak baldintzarik onenetan erretiratu ahal izateko hasieratik lan kontratu finkoak egitea eta aldi baterako ezintasun kasuetan hobekuntzak lortzea ere langileen eskari nagusien artean daude.