GARA
SASKIBALOIA

Irati Etxarrik bere mailarik onena erakutsi nahi du Lointek Gernika Bizkaian

Azken urteetan lesio larriak izan arren, Emakumezkoen Endesa Ligan etorkizun oparoa izan dezakeen jokalaririk onenetarikoa da nafarra.

Irati Etxarrik datorren denboraldian Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du.
Irati Etxarrik datorren denboraldian Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du. (KESB GERNIKA)

Irati Etxarrik (Iruñea, 1998) Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du 2024/2025 denboraldian. Nafarra Uni Gironatik dator eta taldearen laugarren fitxaketa da hurrengo sasoirako, Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta eta Maya Dodson jokalariekin batera.

Azken urteetan lesio larriak izan arren, Emakumezkoen Endesa Ligan etorkizun oparoa izan dezakeen jokalaririk onenetarikoa dela erakutsi du Etxarrik. Araskiren eskutik debutatu zuen lehen mailan, baina bere mailarik onena CADI La Seun erakutsi zuen. 2021/2022 denboraldian txapelketako Espainiako jokalaririk onenaren saria jaso zuen eta bosteko onenean ere sartu zuten, batez beste 13,9 puntu eta 8,2 errebote lortu eta gero.

Zenbaki horiek lortuta, Uni Gironak fitxatu zuen. Baina han ezin izan du bere mailarik onena erakutsi, lesioengatik. Azken denboraldian liga erregularreko bederatzi partida jokatu ditu, eta 3,9 puntu eta 2,9 errebote eskuratu batez beste. Espainiako Selekzioarekin ere aritu da gaztetatik.

«Gogo bizia» duela adierazi zuen atzo Etxarrik. «Orain arte, fitxaketa iragarri arte, klubaren aldetik maitasun eta elkartasun handia jaso dut. Benetako talde bat eraiki nahi dugu, jokalari bakoitzak berea sentitzen duen talde indartsu bat. Nik ere nire mailarik onena erakutsi nahi dut», adierazi zuen iruindarrak.

Hain zuzen ere, Lucas Fernandezek nabarmendu zuen Gernikak lehiakortasun aldetik «lehen mailako» jokalari bat fitxatu duela: «Egonkortasun handia eman dezakeen jokalaria da, bai eguneroko lanean bai lehiaketan, eta, gainera, kantxako bi aldeetan. Seguru gaude taldeko gainontzeko jokalariei asko lagunduko diela».

NIYAH BECKER, IDK-RA

Bestalde, IDK Euskotrenek 23 urteko eta 1,88 metroko altuera duen Niyah Becker kanadarra fitxatu du datorren denboraldirako. Pibotak Utahko Unibertsitatean jokatu zuen 2018tik 2021era bitartean, eta ondoren Wake Forresteko Unibertsitatean aritu zen 2022 eta 2023an. Iaz bere lehen esperientzia izan zuen Europan, Celje taldean, Esloveniako talderik handienetariko batean alegia. Batez beste 14,2 puntu sartu, 6,5 errebote hartu eta 2,6 baloi berreskuratu zituen. Gainera, bi puntuko portzentajea ona erdietsi zuen (%52,6), eta baita hirukoetan ere (%37,1).