Olatz LOINAZ LIZASO
Biologoa eta basozalea
KOLABORAZIOA

«Basoak» eta «kalteak»

Hautsak harrotu ditu ezezagun talde batek Urola bailaran Kutxabanken monolaborantza baten aurka egindako ekintzak. Honen harira ENBE, ENBA eta GBEk (Gipuzkoako Basozale Elkarteak) prentsaurrekoa eskaini zuten. Honetan, gertaera gaitzetsi eta egileak zigortzea eskatu zuten. Denboratxo bat pasatuta, baretasuna itzuli delakoan, gai honen inguruko hausnarketa batzuk plazaratu nahi nituzke.

Hasteko, esan beharra dago ez garela basoez hitz egiten ari. Baso Biziak mugimenduek edota Naturkon bezalako eragileen ikerketek azaldu dutenez, basoak beste zerbait dira: bizidunen komunitate bat, espezie eta adin ezberdinetako landare (ez zuhaitz bakarrik) bertan bizi diren animali mota ugari, onddo, bakterio eta abarrek osatua. Guztiek, elkar erlazionaturik, sistema ekologiko bat osatzen dute.

Landaketa industrialak, aldiz, espezie eta adin bakarreko zuhaitzez osatutako eremuak dira, non interes ekonomikoa duen espezie bakarrean jartzen den arreta guztia, eta sortzen diren beste guztiak mozten diren, konpetentziarik egin ez dezaten. Esan beharrik ez dago bioaniztasunari dagokionez oso pobreak direla.

Gipuzkoan eta Bizkaian oso gutxi dugu lehenengotik, eta asko bigarrenetik. Hala, «baso» hitza ez da egora egokian erabiltzen, eta horrek nahastura sortzen du gizartean. Ziurrenik nahita eragindako nahastura, gainera. Beraz, zuzenago litzake GBEk bere izena egokituko balu. Gipuzkoako Lurjabeen Elkartea izena hartuta, errazago ulertuko litzateke oreka ekologikoaren aurretik etekinen bila dabilen jabegoa ordezkatzen dutela. Hauen artean indar gehiena, nola ez, lurjabe handienek dutela eta, kasu gehienetan, lur hauek haiek lantzen ez dituztela (langile esplotatuek baizik) argiago ulertuko litzateke horrela. Izan ere, behin interesa eman dioten zuhaitz espezie horiek bere hazkundera iritsitakoan guzti guztiak botako dira, arraseko mozketa bidez, lurzorua babesgabe utzi eta lur galera handiak sortuz. Prozesu hau eta bioaniztasun galera ederki azaldu ditu Aranzadiko Arturo Elosegik plazaratutako ikerketak.

Lurra maite duenak ez dio tratu txarrik ematen, eta milaka urteetan sortutako lurzorua mantentzen eta handitzen ahaleginduko da. Alderantziz egiten du epe laburreko mozkinak nahi dituenak, bere eskuetara iritsi den ondasuna xahutu eta ondorengoei lur txirotua uzten die.

Bestalde, asko harritzen nau (inozoa ni) sektorearen zati bat ordezkatzen duten bi euskal sindikatu lurjabe egurzaleekin bat egiten ikusteak. Hobe lukete (eta ez diet halakorik entzun) sektorean dabiltzan langileen lan baldintza gogorrak salatuko balituzte, eta hauen eskubideak defendatu. Ez al digute esaten, ba, beraiek zaintzen dutela paisaia, natura eta, finean, bizitza sostengatzen dutela? Kasu honetan, behintzat, kontrako jarduerak defendatzen ari dira, diruzalekeria txertatua daramaten jabe handiekin lerrokatuz.

Ustezko kalteei buruz, zera bururatu zait: ikusirik ustiaketa industrialak ze kalte sortzen ari diren gure mendietan, hobe dela landaketa mota hauek ahalik lasterren kendu eta mendez mende bertara egokitutako landaretza anitzarekin ordezkatzen badira, edo naturari bere berreskuratze lana bakean egiten uzten badiogu. Zenbat eta hektarea gehiagotan horrelako jarduerak egin, orduan eta errazago bermatuko da ondasun natural eta kolektiboaren iraupena, nahiz eta poltsiko bete batzuk kaltetu.

Ez al diogu, ba, interes orokorrari erreparatu behar? Ba horretarako, lurra gaizki zaintzen duenari kendu egin beharko zaio.