Gaizka IZAGIRRE
Zine kritikaria

Zinema zinemetan

Sarritan irakurtzen ditut Pau Brunet kazetari eta zinema ekoizleak sareetan zabaltzen dituen ikus-entzunezkoen inguruko datuak eta analisiak. Egunotan argitara eman duen batekin bereziki poztu naiz: «2024ko lehen hilabeteotan, hiriko zinema-aretoek gorakada izan dute ikusle kopuruari dagokionez».

Azken asteotan maiz irakurri dugu aretoetan ikusle gutxiago dagoela, eta hori hala da, baina lerroburu horri ñabardura bat gehitzea falta zaio: ez da estreinaldi komertzial handirik egon. Horren aurrean, kaltetuenak merkataritza guneetan egon ohi diren zinema kate erraldoi horiek izan dira. Ustezko egoera dramatiko horren aurrean «hau zinemen amaiera da» aipatu dute askok. Zorionez, hori ez da horrela, eta horren erakusgarri, hirietako zinema aretoetako datu bikainak. Estatu espainiarreko datuak eman ditu Brunetek eta, oro har, duela urtebete baino sarrera gehiago saldu direla dio. Euskal Herriko datuei dagokienez, Donostiako SADE zinemen kasua aztertu du soilik: 2023ko datuekin alderatuta murrizketa txikia egon den arren, honek badu azalpen argi bat, iazko “Irati” edota “20.000 erle espezie” euskal izenburuen faltagatik izan da. Horiei esker, datuak bikainak izan ziren. 2023ko zifra berdinak edo zertxobait txikiagoak izan badituzte ere, hiriguneetatik urrunago dauden zinema gune komertzialago batzuekin alderatzen badira, oraindik ere sendoak dira.