Zuriñe IGLESIAS
GETXO
Entrevue
GARAZI MURUA
Athleticeko jokalaria

«Itzuleran gauzak ez dira berdinak izan; taldeak aurrera egin du»

Azken bi urteak «oso gogorrak eta luzeak» egin zaizkio Garazi Muruari (Getxo, 1995), ia bi urtez jokatu gabe egon baita. Baina urte horiek kenduta, «bizipen oso politak» ditu. Klubaren proiektua «finkatzen» ari denean, erretiroa hartzea erabaki du, umetan jokatzea «amesten» zuen taldean. Bihar azken partida jokatuko du San Mamesen (12.00etan).

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

 

Getxoko portu zaharrean jarri du hitzordua Garazi Murua Athleticeko jokalariak, Algortakoak direnentzat, «toki kutunenean». Joan den astean iragarri zuen erretiroa hartuko zuela, ia bi urtez jokatu gabe egon ostean, hernia diskal bat dela-eta. Bazuen oraindik «futbola oinetan», eta, jokatzen jarraitzeko aukera izanda ere, uztea erabaki du «modu oso kontzientean eta ondo pentsatuta». Ez zuen ikusten bere burua Athletic ez den beste leku batean. «Amets bat elikatzen zuen gasolina» izan zen 2002-2003 denboraldia, «Eli Caparen, Eli Ibarraren, Itziar Gurrutxagaren, Eba Ferreiraren, Nerea Onaindiaren... ez dut inor ahaztu nahi...» Athleticek liga irabazi zuenean, han aurreneko aldiz ikusi baitzuen aukera zuela gorengo mailan elastiko zuri-gorria janzteko. «Haiek zabaldu zizkiguten ateak, eta borroka horrek jarraitu du, eta jarraituko du».

Ia bi urte daramatzazu jokatu ezinda. Erabakia hartzea errazagoa da edo are zailagoa?

Ez dakit. Aitortu behar dut azken bi urteak oso gogorrak izan direla. Urteak neramatzan bizkarreko minez jokatzen, eta azkenean gorputzak esan zuen geratu egin behar nuela. Errekuperazio prozesua luzea eta gogorra izan da, eta horrenbeste denboraren ondoren, nire itzuleran gauzak ez dira berdinak izan. Taldeak aurrera egin du, normala den bezala, eta tamalez zelaian ez dut parte hartzeko aukerarik izan. Pixka bat dena holistikoki baloratuta, orain arte nire bizitza eta nire ibilbidea oso zentratuta egon da futbolean, baita ikasketetan ere, eta hori oso exijentea da. Bi urte gogorren ondoren erabaki dut beste batzuei lekua uztea, eta beste bide profesional bati ekitea.

Jokatzen eta momentu onean utzi nahi izaten da futbola. Zure kasuan ez da horrela izan. Hori gogorra da?

Bai, gogorra da, eta pena ematen dit, batez ere errekuperazio lanean egindako lan gogorrarengatik. Ez nik bakarrik, baita nirekin egon diren profesionalengatik ere, lan saiatua eta ona egin baitute. Horren ondoren, zelaian parte hartzeko aukerarik ez izatea gogorra da, baina uste dut 14 urte daramatzadala klubean, eta, azkeneko bi urte hauek kenduta, bizipen oso-oso politak, onak eta baikorrak ditut. Esker hitzak besterik ez ditut Athletic osatzen duen familiarentzat. Horrela gogoratu nahi dut, eta disfrutatu nahi dut azken partida, taldekideekin eta nire jendearekin batera, San Mamesen agur esateko.

29 urte besterik ez dituzu. Beharbada goiz samar da?

Agian bai, ez dakit. Badakit oraindik futbola bazegoela nire oinetan. Eta, jokatzen jarraitzeko aukera izanda ere, erabakia hartu dut kontzienteki, ondo pentsatuta.

 

Iaz ebakuntza egitea erabaki zenuen. Urte eta erdiz ez duzu partidarik jokatu. Nolakoa izan da azken urtea?

Alde batetik, pozik egon naiz, ondo errekuperatu naizelako lesio oso gogor batetik. Beste alde batetik, taldean asko disfrutatu dut eguneroko bizitzan, eguneroko lanean. Baina, azkenean, jokalari orok jokatu nahi izaten du, eta ez dut aukera hori eduki. Hala ere, balorazio baikorra egiten dut; nire urteak Athleticen oso ederrak izan dira, eta horrela itxi nahi dut sasoia, eta agurtu nire taldea, nire jendea eta nire kluba.

Bizkerren hasi zen dena.

Hasieran eskolan, patioan eta herriko parkean hasi nintzen. Gero, gurasoen lanagatik Estatu Batuetara joan ginen, Nevadara, eta han hasi nintzen talde misto batean aurrenekoz jokatzen, bederatzi-hamar urte nituela. Handik bueltatu ginenean, Bizkerren hasi nintzen, aurrena mutilekin, eta gero uste dut infantiletatik aurrera ez zidatela utzi mutilekin gehiago jokatzen, arauen kontuagatik. Eta nesketara pasatu nintzen. Orduan Athleticek fitxatu ninduen bigarren talderako, eta hor lauzpabost urte egin nituen. Estatu Batuetan egin nuen beste egonaldi labur bat, Tennessee unibertsitatean, eta handik bueltatu eta hiru hilabetera Athleticen debuta egin nuen. Harrezkero nire ibilbide profesional osoa Athleticen egin dut.

Umea zinela, erreferentziarik bazenuen?

Hasieran telebistan gehien ikusten genituenak gizonak ziren. Baina niretzat oso une garrantzitsu bat dago: Athleticen emakumezkoen taldeak 2002-2003 denboraldian, liga irabazi zuenean, San Mamesen jokatu zela azken partida. Nik hor aurreneko aldiz ikusi nuen, emakume izanda, banuela Athleticeko elastikoa jantzita jokatzea maila gorenean. Hori klik bat bezalakoa izan zen, amets bat elikatzen duen gasolina bezalakoxea. Horrekin amestu nuen, eta gero nire idoloak eta erreferentziak izan diren askorekin jokatzeko aukera izan dut. Irene Paredes, Eli Ibarra, Ainhoa Tirapu... jokalari historikoak. Eta gero Itziar Gurrutxaga, Eba Ferreira, Nerea Onaindia eta abar ere jarraitzen nituen. Horiek izan dira gure aitzindariak, ateak zabaldu dizkigutenak.

Juanlu Fuentesekin debutatu zenuen 2015ean.

Oso-oso urduri nengoen. Atsedenaldiaren ostean atera nintzen, Collerenseren kontra. Zelaia nahiko lokaztuta zegoen. Eduki nuen aurreneko interbentzioan txartel horia atera zidaten. Gero partida ondo joan zen, 6-0 irabazi genuen. Hortik aurrera erregulartasunez jokatzen hasi nintzen. Beraz, oso eskertuta nago urte horietan niregan konfiantza izan zuten horiekin.

Egun badago zelai lokazturik?

Orain gutxixeago ikusten dira zelai lokaztuak. Gero eta gehiago zaintzen dira dauzkagun baliabideak ligan, klubek ere gero eta gehiago zaintzen dituzte; ez dakit arau zorrotzagoak ote dauden zelaien inguruan... Dena den, ildo horretatik jarraituz, ligak pauso bat aurrera eman behar du instalazioak oraindik eta gehiago hobetzeko, profesionalizatzeko, eta belar artifizialeko zelaiak erabat desagertzeko. Lehiarik gehienak belar naturalean jokatzen dira, baina garrantzitsua da baita ere zaleei instalazioetara iristea erraztea.

Debuta egin eta datorren sasoian Athleticek ospatu duen azken ligako titulua irabazi zenuten, 2015-2016an.

Urte exijentea izan zen. Gainera, azken 10-11 jardunaldietan Bartzelona puntu batera zegoen. Sekulako tentsioarekin bizi izan genuen, baina oso urte polita izan zen. Gainera, Athletici eta gure zaleei titulu bat eman genien. Liga lehiatua eta zaila izan zen. Daukadan oroitzapen politenetako bat, eta ziurrenik nire lorpenik handiena.

Eta hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga.

Hori ere oso kutuna dudan esperientzia bat da. Gutxi iraun arren, San Mamesko dema ederra izan zen, amesteko aukera eman zigulako eta askok Txapeldunen Liga aurrenekoz jokatu genuelako.

Erretiroko bideoan esan duzu: “beste batzuek erakutsi zidatelako bidea”.

Athleticek lehen liga irabazi zuenean, 2002-2003 sasoian, San Mames bete zenean, hor ikusi nuen Athleticeko elastikoa jantzi nezakeela gorengo mailan. Iraia, Tirapu, Erika, Gimbert, Eli Capa, Itziar Gurrutxaga, Eva Ferreira... ez dut inor ahaztu nahi, asko daude-eta, beraiek zabaldu zizkiguten ateak. Borroka handi bat egin zuten, ondorengo belaunaldiei, gureari, eurak aurkitu zutena baino hobeto uzteko. Bideoaren mezu horrek esan nahi du borroka horrek jarraitu duela, eta jarraituko duela aurrera emakumezkoen futbolak eta oro har kirolak, aurrera egin dezan eta kirol parekideagoa izan dezagun.

2015etik gaur arte Athleticek zer prozesu izan du?

Trantsizioko urte asko egon dira. Nik beti pentsatu izan dut trantsizioek ezin dutela denbora asko iraun, proiektuak finkatu egin behar direla. Orain kluba bide horretan da, proiektua kontsolidatzen. Denboraldi ona egin dugu, multzo oso ona dago, eta helburua Europako txapelketetan parte hartzea da, tituluak irabaztea. Espero dut laster lortzea helburu hori.

Azken partidaren faltan, hortxe duzue jokoan bosgarren edo seigarren postua.

Iruditzen zait denboraldi ona izan dela, talde oso gaztea edukita. Kontsolidazio prozesu horren parte da. Gainera, uste dut taldeak modu erakargarrian jokatu duela, eta horri jarraitutasuna eman behar zaio datozen denboraldietan.

Hamar denboraldi Athleticen. 178 partida jokatu dituzu, eta azken denboraldietan kapitaina izan zara.

Oso harro nago, eta oso eskertuta, batez ere azken egun hauetan jaso dudan maitasunagatik eta errekonozimenduagatik. Guk hartu genuen egoera aurrekoek aurkitu zutena baino askoz hobea izan da, guk ere borroka egin dugu kirol arloan, baita zelaitik kanpo ere, jokalarien edo taldearen baldintzak hobetzeko. Iritsi gara iritsi garen tokira, eta orain beraiei dagokie jarraitzea, guk kanpotik bultza egingo diegu. Nik beti esan dut zaleen babesik gabe, emakumezkoen futbolaren eta kirolaren bilakaera ez zela posible izango. Eta gu ere hor izango gara. Niretzat harrotasun itzela da Athleticekin titulu bat irabaztea, Txapeldunen Ligan lehiatzea, kapitaina izateko ohorea edukitzea hainbat urtetan. Orain beste batzuen txanda da, eta disfruta dezatela.