Imanol CARRILLO
ARRAUNA - ESPAINIAKO TXAPELKETA

Hirukoa Bermeo eta Arraun Lagunak-entzat

Arraun Lagunak, atzo, Donostian.
Arraun Lagunak, atzo, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Sekulako denboraldi hasiera sinatzen ari dira Arraun Lagunak, emakumezkoetan, eta Bermeo Urdaibai, gizonezkoetan. Atzo, Donostiako uretan -Kontxako badian-, Espainiako txapeldun bihurtu ziren bi traineruak, hirukoa osatuz. Hau da, Gipuzkoako eta Bizkaiko eta Euskadiko banderak ere badituzte, eta atzokoan hirugarrena gehitu zuten.

Itsasoa ez zegoen denbora onak egiteko moduan, baina bikain defendatu zuten euren estatusa, eta 1992az geroztik hemen ospatzen ez zen beste bandera bat astindu ahal izan zuten. Espainiako Txapelketa ekainera aurreratzea aurrerapauso bat izan da arraunarentzat, euskaldun gehiagok parte hartu ahal izan baitute eta maila handitu.

Emakumezkoen B Finala ez zen jokatu. Miren Garmendia Hondarribiko patroiak etxean istripu txiki bat izan zuen eta bere traineruak ez zuen parte hartu, estropada bertan behera geratuz. A Finalean, Arraun Lagunakek ez zien inongo aukerarik eman beste hiru ontziei garaipena lortzeko.

Estropada hasieran, nolabait esatearren, eguneko “polemikatxo” bakarra gertatu zen. Epaileak Astillero bidali zuen istriborrera hirugarren kaletik ari zen Arraun Lagunaki gerturatzen ari zitzaiolako, eta gauza bera egin zuen segituan Donostiarrarekin, baina hau ababorrera bidaliz, Arraun Lagunaki gerturatzen ari zitzaiolako.

Aipatzeko beste anekdota bat: beste ontzietako patroiak emakumezkoak ziren, eta Astillerokoa Jacobo Diaz izan zen.

Estropadari dagokionez, Arraun Lagunakek ez zuen inongo arazorik izan irabazteko. Normalean Ligan egiten dutena baino distantzia gehiago egin behar izan zuten atzokoan, baina donostiarrek ez zuten nabaritu eta aldeak handituz aritu ziren hiru ziaboga eta lau luze izan zituen estropada osoan zehar.

Gizonezkoen finalean, Zierbenak aurre hartu zuen hasieran, lehen ziabogaraino, baina ordutik aurrera Bermeo izan zen nagusi. Bi bizkaitarrek lehia polita mantendu zuten bigarren luzean, baina “Bou Bizkaia”-k bere erritmoa ezarri eta arazorik gabe bideratu zen garaipenerantz.