Gaizka IZAGIRRE
«HOUSE OF THE DRAGON 2. DENBORALDIA»

Dragoiak eta kulebroiak

Ongi irakurri duzue, bai,“dragoiak eta kulebroiak”, hori da istorio hau hobekien laburtzen duen lerroburua. Fantasiaren aterkipean, erdi-aroko kontakizunen kodeak eta narratiba erabiliz, eta kalitatezko ekoizpen diseinuan indar berezia jarriz, baina telesail hau kulebroi bat da azken finean. Jatorrizkoa, “Tronuen Jokoa”, gustura ikusi nuen. Une apartak zituela uste dut, eta pantaila txikiaren historiarako betiko geratuko diren une ahaztezinez josia zegoen. Zalantza izpirik gabe mugarri izan da zentzu askotan, nahiz eta denboraldiz denboraldi ahuleziak nahiko agerian geratu ziren, batez ere azken txanpan. 2022an HBOk “House of the Dragon” estreinatu zuen, aipatu dudan telesailaren prekuela; Daenerys Targaryen-en istorioaren aurretik girotua, eta errege baten ondorengotza arriskuan dagoen unean, Viserys Targarien-en erregealdiaren bederatzigarren urtean.

Lehen ataletan gehiegi konbentzitzen ez ninduen arren, atalez atal nortasun propioa eraiki duela iruditzen zait, eta oso telesail txukuna egin dute. Tonuan, girotzean, estiloan, soinu bandan, estetikan, pertsonaietan eta ekoizpenean, oro har, jatorrizko telesailaren esentzia osoa topatu daitekeen arren, gidoiari eta pertsonaien arku dramatikoari dagokienez, gertuago dago “Succession” bezalako telesail batetik “Tronuen Joko”-tik baino. Aurrekoa baino askoz ere “zehatzagoa” ere bada, pertsonaia eta kokaleku gutxiago dituelako, eta tramak asko murriztu direlako. Estreinatu den bigarren zati honek aurrekoaren ildo nagusia jarraituko du. Lucerysen heriotza izan da kosta ahala kosta saihestu nahi zen gatazka baten eragilea. Lehen denboraldiaren amaieran Rhaenyra-ren haserre aurpegiak argi uzten du diplomaziaren garaiak atzean geratu direla, eta 2. denboraldian emozio handiak espero ditugu.