GARA
BAIONA
HAUTESKUNDEAK ESTATU FRANTSESEAN

«Itxaropena» dakarren alternatiba gisa aurkeztu da Fronte Popularra

Fronte Popular berriko sei hautagaiek beraien alternatiba politikoa aurkeztu zuten Baionan. Itxaropen-mezu bat zabaldu zuten, sinesten baitute ezkerren batura gai izango dela desberdintasunak gainditu eta eskuin muturraren aurrean «alternatiba politiko erreal» bat izateko. Euskal Herriaren lehentasunen artean, euskararen koofizialtasuna aipatu zuten.

Dufau, 6. hautesbarrutiko hautagaia, Baionan.
Dufau, 6. hautesbarrutiko hautagaia, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan Fronte Popular berriko hautagai direnak Baionan agerraldia egin zuten atzo, ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egingo diren bozen testuinguruan «itxaropena» zabaldu eta ezkerreko talde desberdinen indarrak batu dituen «alternatiba politiko erreala» aurkezteko.

Fronte Popularreko hautagaiek -Iñaki Etxaniz (PS) eta Cécile Txangain laugarren barrutian, Colette Capdevielle (PS) eta Alain Iriart (EH Bai) bosgarrenean, eta Peio Dufau (EH Bai) eta Marie Heguy Urain seigarren barrutian- Baionako Breuer langile auzoko Naturaren Antzokia aukeratu zuten «beraien batasunaren oinarri diren ideia nagusiak» aurkezteko.

Iñaki Etxaniz diputatu sozialistak hartu zuen lehenengo hitza, eta pozik agertu zen Fronte Popularrak gorpuztu duen «batasun historikoarekin». «Badakigu batasun hau anitza dela, eta ibilbideak batzuetan desberdinak izan daitezkeen indarrak biltzen dituela», ohartarazi zuen. Gaineratu zuen, hala ere, koalizio honek Euskal Herrian «azken urteetan egindako lan bateratua bizkortzeko» lan egingo duela aurrerantzean. Gainontzeko hautagaiak ondoan zituela, diputatuak ziurtatu zuen interes amankomunaren alde lan egin behar denean, badakitela «desberdintasunak alde batera uzten».

Fronte Popularraren «erabateko lehentasuna» eskuin muturraren aurkako borroka dela baieztatu zuen, eta, aldi berean, «gizarte bidezkoago eta demokratikoago baterantz egiteko» alternatiba proposatzen duela. Iñaki Etxanizek «Euskal Herriko errealitatea eta lurraldearen berezitasunak kontuan hartuta» lan egiteko konpromisoa hartu zuen.

BILAKAERA INSTITUZIONALARI HAUSPOA

Colette Capdevielle eta Peio Dufauk koalizioaren programak jasotzen dituen puntu garrantzitsuenak aletu zituzten agerraldian. Batetik, politika orokorrarekin lotutako proposamenak dituzte, besteak beste, herritarren erosahalmena handitzea, fiskalitate berdinzaleago bat bultzatzea, ekonomia birlokalizatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea. Gainera, hiru erreforma indargabetu nahi dituztela zehaztu zuten: erretretena, langabeziarena eta immigrazioarena.

Bestalde, Euskal Herriak dituen behar espezifikoei erantzuteko asmoa agertu zuten. Nekazariak laguntzeko neurriak planteatzen dituzte, euskara koofizial izan dadin borrokatuko dute, bake prozesua sustatuko dute eta Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala bultzatuko dute, Macronen agintaldian aurrerapenik apenas egin dela iritzita.

ORDEZKOAK

Alain Iriart, Marie Heguy Urain eta Cécile Sendarain ordezko hautetsiek ere hitza hartu zuten, eskuin muturraren igoeraren aurrean ikuspegi bateratua izateko Fronte Popularrak hartu duen engaiamendua azpimarratuz.

Herritarrei zuzendu zitzaizkien haiek ere, egin dezaten borroka «gizarte bidezkoago eta lasaiago bat lortzeko». Hori lortzeko modurik onena, nabarmendu zutenez, ekainaren 30ean eta uztailaren 7an «masiboki» mobilizatzea da, eta «hautetsontziak itxaropen-botoarekin betetzea».



EAJk aurkeztu ditu bere hiru hautagaiak

EAJk ekainaren 30ean eta uztailaren 7an iraganen diren frantziar hauteskunde legegileetan parte hartuko du, orain bi urte ez bezala, Fronte Popular berriak antolatutako «naturaz kontrako aliantzen» aurrean Euskal Herriko «boto baliagarria» sustatzeko, alderdiaren esanetan. Hala, Ipar Euskal Herria barnean biltzen duten hiru hautets barrutietarako (4, 5, 6) hautagaiak aurkeztu zituen atzo: Gracianne Mirande Bec, Jean-Marie Erramuzpe eta Jean Telletxea, hurrenez hurren. Parisen Euskal Herria defendatzeko dituzten proposamenak ere aditzera eman zituzten: trantsizio energetikorako, ekonomia jasangarri eta birsortzaile baterako eta euskal nortasunean oinarritutako gizarte solidarioa eraikitzeko neurri eraginkorrak sustatzea.

Alderdi jeltzalearen irudiz, «duela zazpi urtetik hona Frantzia blokeatuta dago: deszentralizatu beharrean zentralizatu egiten da, egunetik egunera gehiago dago Parisko botereen mende».

Horregatik, EAJk «Parisko instituzioetan herritarren ahotsa entzunaraztea» izango du itu datorren hauteskunde aldiaren ostean, ziurtatu zuenez. GARA