Iraitz MATEO
DONOSTIA

«Ehun urteko gerra Palestinaren aurka» liburua euskaraz

Iñaki Alegria, itzuli berri duen liburua eskuan.
Iñaki Alegria, itzuli berri duen liburua eskuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismoa eta erresistentzia, 1917-2017” Rashid Khalidiren liburua euskarara ekarri du Iñaki Alegriak, eta UEUk argitaratu du. Palestinaren historia sei gertakariren bidez kontatzen du idazleak, «Historiaren barruko istorioak» ere kontatuz. Gainera, edizio honetarako propio egindako “Azken hitza” idatzi zuen Khalidik. Apirilaren 26an idatzi zuen egungo egoeraren inguruan, eta beraz, ikuspegi oso gaurkotua jasotzen du.

Alegriak ez zuen buruan Khalidiren liburua itzultzea, baina zenbait «kasualitate» tarteko, bere eginbeharren zerrendara gehitu zuen. 2023an Irlandan oporretan zela egin zuen topo lehen aldiz jatorrizko liburuarekin, eta «itzela» iruditu zitzaion. Oporretatik Euskal Herrira etorri, eta GARAn idazleari egindako elkarrizketa irakurri zuen, eta orduan iruditu zitzaion «seinale» asko zirela jada. Bere hasierako asmoa patxada gehiagorekin itzultzea zen, baina egoerak behartuta, «ahalik eta azkarren» argitaratu behar zutela iruditu zitzaien: «Egoera honetan Palestinari buruz hitz egitea eta aldeko mobilizazioetan parte hartzea garrantzitsua delako».

HIRU GAKO

Izenburuari erreparatu zion lehendabizi itzultzaileak. Hiru gako agertzen direla azaldu zuen: 100 urte, kolonialismoa eta erresistentzia. «Palestinaren auzia ez da oraingo kontua edo 1947tik datorrena, otomandar inperioaren desegite garaitik baitator, horregatik hartzen du berak 1917 erreferentzia gisa», azaldu zuen lehendabizi. Kolonialismoari dagokionez, kontatu zuen ez dela «ohikoena» ikuspegi horretatik abiatzea, baina azaldu zuen idazleak datu batetik abiatuta egin duela hautua: «Dio hori dela abiapuntua, Juduak %7 ziren hasieran Palestinan, eta sionismoaren eraginez igotzen joan da; eta egileak beste kolonizazio-prozesu batzuei egiten die erreferentzia». Hirugarrenik, erresistentzia: «Israelen sarraskiak etsipena sortzen digun honetan, egileak palestinar herriak dituen erresistentzia eta birsortzeko gaitasuna azpimarratzen ditu».

Liburua sei ataletan antolatuta dago. Ez da ohiko historia liburu bat, sei gertakari nagusi hartu ditu eta horien analisia eta kritika egin, «Palestinaren aurkako sei gerra adierazpen», egilearen hitzetan. Lehena Balfourreko adierazpena; bigarrena NBEaren zatiketaren erabakia eta Nakba; hirugarrena 67ko sei eguneko gerra; laugarrena Libanoko gerra, Sabra eta Xatila; bosgarrena lehen Intifada; eta seigarrena Osloko itunaren porrota.

HISTORIAKO ISTORIOAK

Khalidik bere istorio pertsonalarekin «txirikordatzen» ditu atalak itzultzailearen esanetan. Eta idazlearen senideen inguruko zenbait datu eman zituen: aitona Jerusalemgo alkatea izan zen, osaba erbesteratua egon zen britainiarren garaian eta aita NBEko itzultzailea izan zen. «Idazlea bera ere umetan aita laguntzen ibili zen NBEan, eta bertan ikusitakoak ere kontatzen ditu», azaldu zuen Alegriak.

Itzulpenaren berezitasun handiena jatorrizko liburuan ez dagoen atal bat da: “Azken hitzak”. Idazle palestinarrak berak idatzitakoa da iragan apirilaren 26an, eta bertan egungo egoeraren analisia egiten du. «Iritzi polemikoak dauzka», aurreratu zuen, eta «sinplifikazio handiegiei iskin» egin behar zaiela defendatzen omen du. «Zer baino, nola egin defendatzen du» aitortu zuen Alegriak, eta bi ideia nagusitan sakontzen duela kontatu zuen. Batetik, palestinarrek bat egin behar dutela dio, eta bigarrenik, negoziatu ahal izateko berdinetik berdinera egin behar dela defendatzen du, «pertsonen berdintasuna eta berdintasun nazionala».