Gaizka IZAGIRRE
«MEMORY»

Iraganerako ateak, parez pare irekita

Film bati buruzko kritika aktoreen lana goraipatuz hasten denean, gainerako alorrak hain nabarmenak ez diren seinale izaten da. Hori da Michel Franco-ren “Memory” filmarekin gertatu zaidana; Jessica Chastain eta Peter Sarsgaard-en antzezpen lana itzela iruditu zait, baina filmetik, oro har, askoz gehiago espero nuen. Alde batetik Sylvia ezagutuko dugu; gizarte-langilea da eta, alkoholarekiko mendekotasunaren pisu traumatikoa jasaten duen arren, beste oinaze sakonago bat ere ezkutatzen du. Beste protagonista dementzia goiztiarra duen Saul da.

Bien arteko “ustekabeko” topaketaren ondorioz iraganeko ateak parez pare irekiko dira. Horrelako istorio negar-eragileetan ohikoa izaten da dramatismo errazean erori eta baliabide zinematografiko tranpatiak erabiltzea, ikuslea gehiago hunkitzeko. Gustatu zait Francok ez duelako bide hori aukeratu, gehiegizko drama saihestu du. Adibidez: sekuentzia tristeak indartzeko ohikoa izaten den musikarik ez du erabili, eta ez du apenas hurbileko edo lehen planoko enkoadraketarik baliatu, pertsonaietara gerturatzeko plano ertainen aldeko hautua egin du. Minimalismo estilistiko horrek argumentua indartzen du. Gustatu zaizkidan bi alderdi horiek aipatuta , gainerakoak, zoritxarrez, nahiko hotz utzi nau. Francok, film berean, oso sakonak diren gai gehiegi jorratu nahi izan ditu (dementzia, alkoholismoa, adin txikikoen abusua...) eta ez du horietako bakoitzean behar bezala sakondu. Pertsonaien arteko zenbait ekintzekin nahiko deseroso sentitu naiz; horrek ez du zertan txarra izan, jakina, baina testuinguru honetan ez naiz gustura sentitu. Edozein kasutan, ikusi beharreko filma iruditzen zait; zuen artean eztabaidak eragingo ditu. Film honen antzeko ildoa jarraituz, Hanekeren “Amour” gomendatzen dizuet; hori bai maisulana!