GARA
DONOSTIA

San Joan sua pizteko ordua iritsi zain dira Gipuzkoako herrietan

Udako solstizioak tradizio handiko ospakizuna izaten jarraitzen du Euskal Herri osoan, batez ere sanjoanak ospatzen dituzten herrietan. Gipuzkoari dagokionez, Arrasate, Eibar, Tolosa, Andoain eta Hernani dira nagusienak, baina igande gauean ia herri eta auzo gehienetan piztuko dira San Joan suak. Herritar guztientzako egitarauak prestatu dituzte, gaurtik hasi eta datorren astera bitarte.

Andoainen sua piztu aurreko unea, festa giroa jada nagusi den hori.
Andoainen sua piztu aurreko unea, festa giroa jada nagusi den hori. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Deba bailaran Arrasate eta Eibar dira San Joan sua piztuko duten udalerri nagusienak. Arrasaten, bertako Udalak eta herriko gizarte eta kultura eragileek egitarau zabala prestatu dute ekainaren bigarren hamabostaldirako, nahiz eta egunik garrantzitsuenak hilaren 22tik 26ra bitartekoak izango diren. Aurtengo berrikuntzen artean, aipatzekoak dira bihar lehenbiziko aldiz jokatuko diren Gazte Olinpiadak, “Zeuk iñ zeuk jan” herri bazkaria Portaloira itzuliko dela, haurrentzako puzgarriak, pilota partida profesionalak eta nerabeentzako autogestionatutako bazkaria.

Olinpiadetan 700 gazte inguruk hartuko dute parte, 44 taldetan banatuta, eta hainbat proba egingo dituzte. Haurren egitarauari dagokionez, aurten ahalegin berezia egin du jai batzordeak barraken hutsuneari aurre egiteko.

Musika arloari dagokionez, kontzertu aukera zabala izango da aurten Txosnagunean, Herriko plazan eta Monterron parkean. Bihar Eire, Tapia eta Leturia eta Dupla izango dira txosnagunean; etzi Zutik taldearen erromeria; ekainaren 24an Ilunkaran, AIert eta Zirrara txosnagunean eta Esne Beltza Monterron parkean; hilaren 25ean Oxabirekin erromeria herriko plazan eta Zea Mays eta The Clayton txosnagunean; eta ekainaren 26an Kiko Veneno herriko plazan.

EIBARREN, MUSIKA TALDE OSPETSUAK

Ohikoa den bezala, Lizarrako dultzaineroekin eta ondorengo txupinazoarekin hasiko dira ofizialki jaiak etzi Eibarren, baina aurten, gaurtik aurrera hainbat kultura-jarduera izango dira. Gaur bertan, Lilo eta Bulego taldeen kontzertuak izango dira eta bihar La Pegatina talde katalanarena. Hortik aurrera, gustu guztientzako ekitaldiak izango dira aste osoan zehar, aurtengo egitaraua datorren larunbatera arte luzatuko baita.

Aurtengo jaietan, bestalde, leku berezia egingo diote herrian erreferente garrantzitsu bilakatu den Eibarko Klub Deportibori, ehun urte bete baititu kirol eta kultura jarduerak antolatzen.

TOLOSAN, BERRIRO ESTROPADAK

Deba bailaratik Oria aldera jauzi eginez, Tolosan ere solstizioko sua piztuko dute San Joan bezperan, eta tradizioz betetako ekitaldiak ospatuko dituzte beste urte batez. Hala ere, aurten bada berrikuntzarik; izan ere, zezensuzkoa izango da lehenbiziko aldiz gaur, kuadrilla egunean, bihar, haurrei zuzendutako Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen ikuskizuna izango da, estropadak jokatuko dira berriro Oria ibaian etzi, eta “Xaxu konfiterua” kantuaren moldaketa estreinatuko da astelehenean. Era berean, aurten eskopetari konpainia berria izango da, Berazubi auzoarena.

Aurtengo txupinazoa gaur botako du Aiora Zulaikak, Pirritx pailazoari bizia ematen 25 urte betetzen baititu.

Egitaraua astelehenera arte luzatuko da eta adin eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu ditu jai batzordeak, baita musika arloan ere. Horrela, gaur Peachy Joke eta Nøgen taldeak izango dira; bihar Et Incarnatus Urkizuko Gorostizu baserriko belardian eta Xiberoots plaza berrian; Puro Relajo, Rockalean eta Raimundo El Canastero etzi.

ANDOAINEN, SOKADANTZAK 25 URTE

Andoainen ere gaur botako dute txupinazoa eta kasu honetan jaiak asteartera arte luzatuko dira. Aurtengo pregoilariak Hurria Sahara elkarteko kideak izango dira, herritarrek hala eskatuta, azken 21 urte hauetan dozenaka haur sahararrek uda garaiko hilabeteak Andoainen igaro ahal izateko egindako lana eskertzeko.

Ekitaldi tradizionalen artean, aipatzekoa da agintarien sokadantzak aurten mende laurdena urte beteko duela Ikerfolk taldeak berreskuratu zuenetik. Horrekin batera, aurten ere ez dira faltako axeri dantza jendetsua, Lebiton konpartsako buruhandi eta erraldoiak, kirol eta dantza emanaldiak, danborradak, artisau azoka, txuleta jana…

Musika arloan, talde ospetsu ugari pasako da aurten Andoaindik, baina egunero herriko talde bat ere arituko da. Gaur Mocedades, Feeling Good, Natural Project eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen txanda izango da; bihar Ut!, Black Smoke eta Gatibu; etzi Kuttune, Dukkha eta Sua; astelehenean DJ Bull, Olgetan erromeria eta Dupla; eta ekainaren 25ean Puro Relajo.