GARA
DONOSTIA

Karmelo eskola itxi eta langileak kaleratzeko EEEa aurkeztu du enpresak

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxean kaleratze kolektiboko prozesuari ekingo diotela jakinarazi diete langileei, atzo ELA sindikatuak esan zuenez. Horren arabera, enplegu erregulazio espedientea (EEE) jarri da martxan, ikastetxean diharduten 42 langileak kaleratzeko, «inolako irtenbiderik planteatu gabe».

Scienta School enpresak orain bost urte erosi zuen Donostiako Karmelo ikastetxea. Urtarrilean enpresak adierazi zuen ikasturtea amaitzean ikastetxea ixteko asmoa zuela. Hori gauzatu zen atzo.

«Scientia School enpresaren asmoak ezagutu bezain pronto, lanpostuen eta lan baldintzen aldeko borrokari ekin zioten ikastetxeko langileek. Gaur [atzo] greba eguna egin dute eta hurrengo asteei begira ere borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute», nabarmendu zuen ELAk.

Sindikatu honek azaldu zuenez, enpresak EEEa aurkeztu badu ere «oraindik ez du adierazi Karmeloko langileentzat zer planteatzen duen».

«Gardentasun falta horren barruan ere langileen ordezkariek adierazi dute enpresak ez duela eskatu zaion informazio asko igorri, eta informazio gabezia salatuz auzitara jo dutela», gaineratu zuen ELA sindikatuak.